O19 | Kirol esparruko LGTBI+fobiaren aurkako eguna

Zuen gorrotoa ez da gure zelaietan kabitzen

Erabiltzailearen aurpegia Ikusgune eta Miaukatuz 2020ko ots. 19a, 10:03
Miaukatuz Kirol Klubak sexu-orientazioaren eta generoaren aniztasuna ditu ardatz. / @Miaukatuz

"Kirol munduan ematen den LGTBI+fobiaren existentziaren aitorpen esplizitua egin behar da. Kluben, taldeen eta federazioen ardura aitortzea jatorrian, baina baita arazo honekin bukatzeko duten potentzialean ere".

Otsailaren 19an kirol esparruko LGTBI+fobiaren aurkako nazioarteko eguna ospatzen da, jatorria Erresuma Batuan duen eguna izanik: Justin Fashanu futbol jokalari profesionalak bere homosexualitateari buruz publikoki hitz egin zuen 1991n. Hori dela eta, taldea uztera gonbidatu zuten eta bere buruaz beste egin zuen 1998an.

"Justin Fashanu futbol jokalari profesionalak bere homosexualitateari buruz publikoki hitz egin zuen 1991n"

Azken astetan homofobia kasu ezberdinak ikusi izan ditugu kirol munduan, futbolean zehazki. Gertukoena arbitro baten aurkako kasua izanik Muskizen, nahiz eta ez den bakarra izan. Guzti honek gogorarazten digu Justin Fashanuren istorio tragikoa kategoria guztietako kirol esparruetan bertan dugula.

Kirolak sexuaren arabera bereizten ditu jokalariak oraindik ere, eta gizonezko taldeen hegemoniak emakumezkoen ikusezintasuna eta diskriminazioa eragiten du, zeinek heldutasun ezako eta prekarietate egoera batean gozatu behar duten kirolaz. Egoera hau banakako parte hartzea duten kiroletara ere hedatzen da.

Nazioarteko legediak trans pertsonek eliteko kiroletan parte hartzea ekiditu dezake, sentitutako generoaren arabera, eta ez jaiotzean egokitutako generoaren arabera. IAAF (Atletismoko Federazioen Nazioarteko Elkartea) erakundeak eta Nazioarteko Batzorde Olinpikoak balorazio biologiko eta genetikoen arabera erabakitzen dute persona bat gizona ala emakumea den helburu konpetitiboak kontutan hartuz.

"Jaiotzean esleitutako generoaren araberako bereizketa binarioa neurri transfobo bat da"

Jaiotzean esleitutako generoaren araberako bereizketa binarioa neurri transfobo bat da. Trans pertsonek sentitutako generoaren errekonozimendurako prozesu ezberdinak jasan behar dituzte, maiz iraingarriak direnak eta genero konkretu batean kokatzera behartzen dituztenak. Edonoren eskubidea izan beharko litzatekeen generoaren autodeterminaziorako aukerarik gabe.

Gizonezkoen kirolean transmititzen diren maskulinitatearen baloreak LGTBI+fobiaren sortzaileak dira. Genero rolak betetzen ez badituzte, kirolari hauek irainak, jazarpena edota isolamendua jasango dituzte, gizon heterosexualaren kanonarekin bat ez badatozte. Emakumezkoen kirolaren kasuan, jokalariek ikusezintasuna eta mespretxua jasango dituzte zelaian, eta lesbofobia zelaitik kanpo, feminitatearen rolari esleituta ez dagoen kirol bat praktikatzea erabakitzen badute.

"Gizonezkoen kirolean transmititzen diren maskulinitatearen baloreak LGTBI+fobiaren sortzaileak dira"

Komeni da gogoratzea persona baten aurkako mezuak edo jarrerak erakusten direnean, ekintza hauen helburua ez dela pertsona zehatz bat, baizik eta gorroto-mezu bat zabaltzea kolektibo oso baten aurka.

Beraz, LGTBI+fobia ez da inoiz ulertu behar pertsona zehatz baten aurkako ekintza bat bezala, baizik eta diskriminatua izan den kolektibo oso baten aurkako erakustaldi bat bezala; kasu honetan, LGTBI+ taldea.

Zentzu honetan, kirolean gertatzen den LGTBI+fobiaren aurka borrokatzeko hurrengo puntuak aurreikusi behar ditugu:

  • Kirol munduan ematen den LGTBI+fobiaren existentziaren aitorpen esplizitua; eta kluben, taldeen eta federazioen ardura aitortzea jatorrian, baina baita arazo honekin bukatzeko duten potentzialean ere.
  • LGTBI+fobikoa den erakusketa edo jarrera oro zelaietatik desagerraraztea.
  • Erakusketa edo jarrera LGTBI+fobikoekin erlazionatuta dauden zigorren betekizuna ziurtatzea.
  • Sentsibilizaziorako, kontzientziaziorako eta baloreen hezkuntzarako programak bultzatzea, administrazio publiko guztiak, taldeak, klubak eta federazioak partaide izanik.
  • Generoaren araberako bereizketarekin amaitzea kirol eta kirol-kategoria guztietan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide