Iñaki Kerejazu izango da Zeledon berria

Erredakzioa 2023ko abe. 12a, 20:46
Kerejazu Zeledonen segizioan, 2022ko txupinazoan. Argazkia: Mikel Buruaga / ALEA

Blusa eta Nesken Elkarteak Hegotarrak kuadrillako Iñaki Kerejazu hautatu du 2028ra arte Gorka Ortiz de Urbinaren lekukoa hartzeko. 28 urteko gaztea Zeledon Txiki izan zen 2004. urtean, eta aski ezaguna da Gasteizko kulturaren zein festaren munduan.

El Correok aurreratu duenez eta ALEAk lehen eskuko iturrien bidez baieztatu ahal izan duenez, Neska eta Blusen Elkarteak datozen bost urteetarako Zeledon berria aukeratzeko prozesua burutu du: Iñaki Kerejazuk hartuko du Gorka Ortiz de Urbinaren lekukoa, azken horren 23 urteko ibilbidearen ostean.

Hala ere, Neska eta Blusen Elkarteak bere haserrea adierazi du informazioa aurreikusi baino lehenago filtratu delako. ALEAk jakin duenez, kuadrilla guztien elkarguneak erabakia berronetsi behar zuen oraindik; hasiera batean bilera ostegunean egitekoa zen arren, astearte iluntzean premiazko bilera bat egitea erabaki dute azkenean. Bilera amaituta, kuadrillek baiezkoa eman diote hautaketa-batzordearen erabakiari. Hortaz, ofiziala da jada, eta aste honetan jakinaraziko diote Maider Etxebarria Gasteizko alkateari.

2004. urtean Zeledon Txiki izan zen Kerejazu, baina hogei urte beranduago, 2024ko abuztuaren 4an, lehen aldiz gorpuztuko du Zeledon; gehienez 2028ra arte. 28 urteko gaztea blusa izan da txiki-txikitatik, gaur egun ere Hegotarrak kuadrillakoa da, eta azken urteetan abuztuaren 4an Zeledoni bidea irekitzen laguntzen dion segizioaren parte izan da, albiste honen argazki nagusian ikus daitekeenez.

Adurtzako bizilaguna izateaz gain, Kerejazu auzoko bizitzan inplikatua dago eta bertako jai batzordean aritua da, urtero auzoko jai herrikoien antolakuntzan murgilduta. Gasteizko, Arabako eta Euskal Herri osoko kulturaren munduan zein festa giroan ere aski ezaguna da, besteak beste, Ttek Elektrotxarangako abeslari gisa. Horrez gain, ehunka gau, festa eta ekimen girotu ditu oholtza gainetik eta nahasketa-mahaiaren atzetik, DJ Malandro ezizenarekin.

Kerejazu euskalduna da, txikitan Olabide Ikastolan ikasi zuen, eta gaur egun San Viator ikastetxean lan egiten du, Lehen Hezkuntzako irakasle gisa.

Zeledon, bost urterako

Neska eta Blusen Elkartearen zuzendaritza batzordeak, 22 kuadrillen artean ausaz aukeratutako bi kuadrillak, elkarteko berdintasun taldeak eta aurreko Zeledonek hartu dute parte erabakian. Aurkeztutako hamar lagunen artean hautatu dute Kerejazu.

Zeledon emakume izateari atea ireki zion araudi berriaren arabera, hautagaiek bi baldintza bete behar zituzten: lehenik eta behin, Blusen eta Nesken Batzordean ordezkaritza duen kuadrilla bateko kide izatea; bestetik, elebidunak izatea, hau da, bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, menderatzea. Horrez gain, elkarteak azpimarratu du kandidatuek "ibilbidea" izan behar dutela kuadrillako jardueretan eta hiriko jai giroan.

Blusen eta Nesken Elkarteak Zeledonen ordezkaritza urteak gehienez bost urtera murriztea erabaki du hemendik aurrera, "Zeledon hiri honetako edozein Blusa edo Neskarentzat lor daitekeen figura izan behar dela ulertuta"; epea laburragoa izan daiteke ere, aukeratutako pertsonak hori eskatzen badu. Aurreko Zeledonek 20 urte baino gehiagoz izan dute titulua.

Zeledon Zalduondon jaio zela dio tradizioak, eta jaitsiera 1957an asmatu zuen gasteiztar talde batek, hiriko jaiei berezitasun bat eskaintzeko asmoz. Orduz geroztik, hiru izan dira Zeledon gorpuztu duten gasteiztarrak, orain arte denak gizonezkoak:

  • Jose Luis Isasi (1957-1975 eta 1977-1979)
  • Iñaki Landa (1980-2000)
  • Gorka Ortiz de Urbina (2001-2023)

Horrez gain, Enrique Oribek Isasi ordezkatu zuen 1976an, Martxoaren 3ko sarraskiaren ostean Blusen eta Nesken Batzordeak urte horretako jaiak bertan behera uztea erabaki zuenean.

Iñaki Kerejazu, bigarrena, Ttek Elektrotxarangako kideekin. Argazkia: Juanma Gallego / ALEA
Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide