UNAI RUIZ DE VIÑASPRE

"Kalean sortzen dugun giro alaiagatik datorkigu jendea"

Juanma Gallego 2023ko eka. 10a, 06:00
Ttek elektrotxarangan tronboia jotzen du Unai Ruiz de Viñasprek. Argazkia: J.G. / ALEA

Aurtengo Araba Euskarazen kanta egitea Ttek elektrotxarangaren esku egon da. Hamarkada bat baino gehiago daramate musika kalez kale eramaten, eta Euskal Herriko txoko andana ezagutu dituzte bidean.

Duela 11 urte jaio zen aurtengo Araba Euskarazen kanta egin duen Ttek elektrotxaranga, eta, urte hauetan guztietan, gauza asko aldatu dira, bertako musikari Unai Ruiz de Viñasprek (Gasteiz, 1995) gogora ekarri duenez. Hasierako grina, baina, bere horretan mantentzen dute.

Nola iritsi zitzaizuen Araba Euskarazen abestia osatzeko enkargua?

Markel [Martinez] kidearen bitartez iritsi zen, bera Lapuebla de Labarcako ikastolan dabilelako. Antolatzaileek esan ziguten hamar urte egin berri genituenez, eta gure berezko giroa kalekoa denez, aukera polita zela Araba Euskaraz are gehiago sozializatu eta kalera eramateko.

Malen Urbegain Lautada ikastolako irakasleak idatzi du kanta. Nola izan da hori musikara eramateko prozesua?

Hori hartu-emanetan oinarritutako ibilbidea izan da. Pasa ziguten lehen proposamenetik abiatuta, guk beste zenbait gauza sartu ditugu; eta bueltan berriro. Prestaketa komuna izan da, azken helburua baita guztiok gustura egotea. Guretzat nahiko berezia izan da, beti jo izan ditugulako beste talde batzuen bertsioak. Orain arte ez dugu gure kanta propiorik egin. Prozesu horretan hasieran oso berde ibili ginen. Eskerrak Mario [Lezaun] gitarra jolea ekoizpen ikastaro batean dabilela. Berak asko lagundu digu, eta haren irakasle baten laguntza ere izan dugu. Guztion artean saiatu ginen zehazten zer musika molde atera nahi genuen; abestia nondik bideratu nahi genuen. Eta, azkenean, lortu dugu guztion artean abestiari forma ematea. Gainera bagenekien oihartzun bat izango zuen kanta genuela esku artean; beraz, erantzukizun handia genuen. Horregatik ere, prozesuak urduritasun puntu bat izan du guretzat. Gainera, ez da erraza horrenbeste lagun koordinatzea. Elektrotxarangan gauden batzuk Gasteizen nahiko finko egoten gara, baina, adibidez, Iruñean, Donostian eta Logroñon ikasten duten kideak daude. Horregatik, hau guztia aurrera eramateko zailtasun batzuk izan ditugu.

Behin lehen abesti propioa izanda, konposatzen jarraitzeko asmoa duzue?

11 urte hauetan behin baino gehiagotan buruan izan dugun zerbait izan da hori. Baina egia da ere ez dela batere kontu erraza. Lan asko da, eta musikalki jantzita egon behar zara. Elektrotxarangako kide batzuk musika aldetik jantziago daude beste batzuk baino; beste batzuek gure kabuz ikasi dugu jotzen, belarriz. Nik musika pixka bat ikasi dut, baina ez nuke jakingo partitura bat irakurtzen. Tira, udara hau igaro eta gero pentsatu beharko dugu konposatzen hasiko ote garen ala ez.

Estudio batean sartu zareten lehenengo aldia izan da hau?

Ez, aurreko batean Andoaingo  Garate estudioan ere egon ginen, Fermin Muguruzaren Inkomunikazioa kantaren bertsio bat egiten. Eta hori baino lehen ere gure lokalean zerbait grabatu genuen. Hirugarren grabaketa bat ere badago, baina hori ez genuen inoiz argitaratu.

"LEHEN EMANALDIA ADURTZAKO JAIETAN EMAN GENUEN, ETA BIDETIK KABLE BATZUK APURTU ZITZAIZKIGUN"

Musikaren munduko bildumagileok: jakizue Ttek-en kanta galdu bat badagoela hortik! Ea, bideoaren grabaketa nolakoa izan zen?

Araba Euskarazetik aukera eman ziguten, nahi izatekotan, guk geuk bideoa lotzeko. Beraz, Dupla-koekin dabilen Iker Pastorrengana jo dugu, bai eta Beñat Oriberengana ere. Aguraingoak dira, eta harreman ona dugu beraiekin. Kristoren lana egiten dute, kalitate handiarekin. Baita droneekin ere. Oso pozik gaude emaitzarekin.

Argazkia: J.G. / ALEA

Taldeko lau kiderekin argazkiak ateratzen egon garenean, aipatu didazue 2012an Correos-eko gurdi batetik abiatu zela dena…

Bai, ikusi duzunez, dena daramagu gurdi batean. Gu hasi ginenean, baziren hainbat elektrotxaranga, baina gure erreferentzia nagusia Debako elektrotxaranga zen. Gasteizen kontzertuak ematen zituzten, eta beraiekin harremana sortu genuen. Oroitzen naiz behin kamisetak aldatu genituela! Batxilergoan geundenean ekin genion proiektuari. Gu baino kurtso bat aurrerago zeuden ikasle batzuek rock and rolla egiten zuen talde bat zeukaten. Bada, jolastokian proposatu genien biltzea eta entseguak egitea.

Noski. Jolastoki batean egiten den gauzarik normalena da, bai, elektrotxaranga bat muntatzea!

Bai, kar! kar! Horrela hasi zen dena. Lehenengo kontzertua 2012ko Adurtzako jaietan izan zen. Elektrotxarangako kide batzuk bertako gazte mugimenduan murgilduta egon gara betidanik. Gazte Egun batean hasi ginen. Hasieran, tresna guztiak soinuarekin zihoazen, baina bidean kable batzuk hasi ziren apurtzen… hala nola bukatu genuen emanaldia; baina, tira, eman, eman genuen!

Zer motatako bertsioak egiten dituzue?

Hamaika urte hauetan denetarik egin dugu. Saiatu izan gara beti momentuko kantak jotzen, baina baita horiek uztartzen betidanik gustuko izan ditugun abesti mitikoekin. Esan beharrik ez dago hasieran gure kalitatea ez zela oso ona, baina denborarekin hobetzen joan gara. Gaur dugun soinuak ez du zerikusik hasieran genuenarekin. Dena den, beti saiatu izan gara originalak izaten. Konexio bat lortzen abestien artean, abestiak nahastuz… Gure ukitu propioa ematen saiatzen gara. Demagun, haizea ez duten abestietan haizea sartzen, letrak aldatuz, ingelesezko abestiak euskaratzen… Beti saiatzen gara abestien ehuneko handi bat euskarazkoak izaten, eta, gero eta gehiago, emakumeen abestiak sartzen saiatzen gara.

Hamar lagun zarete orain. Aldaketa asko egon dira urte hauetan guztietan?

Asko egon dira, bai. Aurreko batean atzera begira jarri ginen, eta konturatu ginen hogeitik gora pertsona pasa direla taldetik. Orain 30etik gertu egongo da kopurua. Hasiera-hasieratik Iñaki [Kerejazu] abeslaria, Mario [Carril] tronpeta jolea eta hirurok baino ez gaude. Hasieran bi haize ginen, baina orain bost gara. Baina zaila da mantentzea. Hau ez da dirua ematen duen kontua, eta norberak baditu bere lanak eta bestelako lehentasunak. Horregatik, orain sartu diren azkenak gazteagoak dira. Hasieran bi urtekoa zen taldekoen arteko adin tartea, baina orain bost bat urte ateratzen dizkiegu gazteenei.

"URTE HAUETAN IKUSI DUGU NON GAUDEN GUSTURAGO, ETA ORAIN SELEKTIBOAGOAK GARA EMANALDIEKIN"

Zaila da erritmoa mantentzea?

Bai. Intentsitatea asko jaitsi dugu. Lehen urteetan udara osoa ematen genuen gora eta behera. Euskal Herriko herri pila bat ezagutu ditugu, eta hori oso aberasgarria izan da. Txoko askotan izandako bizipenak gurekin ditugu, eta jende andana ezagutu dugu. Herri askotan harreman pertsonal estuak sortu ditugu; Plentzian edo Ondarrun, esaterako. Ideia bat izan dezazun, aurten hamabost bat kontzertu emango ditugu agian, baina hasieran urtean 40 bat ematen genituen. Urte hauetan ikusi dugu non gauden gusturago, eta orain selektiboagoak gara. Bestela, asteburuak ere behar ditugu guretzat. Oreka hori bilatu beharra dago, egiten dugunarekin disfrutatzen jarraitzeko.

Konfinamenduaren garaian, streaming emanaldia egin zenuten. Nolako esperientzia izan zen?

Bai, Jimmy Jazz aretokoek proposatu ziguten emanaldi hori egitea. Sentsazio oso berezia izan zen, gu hor geundelako, bakarrik, publikorik gabe. Bagenekien jendea etxetik aditzen ibiliko zela, baina, halere, oso sentsazio arraroa zen. Gainera, guk askotan transmititzen dugu kaleko giro hori, eta gustatzen zaigu jendearekiko gertutasuna; jendea mugiaraztea. Tira, jendea ez dator gu ikustera musikari finak izateagatik, sortzen dugun giroagatik baizik. Gero bigarren emanaldi bat egin genuen, jendeak mahaietan esertzeko aukera zuenean. Hori ere oso emanaldi berezia izan zen. Desmadre pixka bat sortu zen, eta guk ez genekien oso ondo noraino bultzatu ahal genuen jendea festara. Baina behintzat kontaktua izan genuen jendearekin. Iaz, berriz, 10. urteurrenaren kontzertua egin genuen Jimmy Jazzen. Oso oso polita izan zen, eta, egia esanda, ez genuen espero horrenbeste publiko biltzea. Oso hunkigarria izan zen.

Oso bestelakoa izan behar da kalean edo oholtza baten gainean ibiltzea, ezta?

Bai. Baina batzuetan ere eskertzen da oholtza, eta, desberdina izanda ere, formatu horretan ere oso eroso sentitzen gara. Kalean, hoberena da jendearen gertutasuna, baina leku batzuetan, San Ferminetan adibidez, ezin zaitezke ezta mugitu ere.

Euskal Herritik kanpo egon zarete?

Bai. Viña Rock-en ibili ginen,  Albaceten. Baina urte horretan oso eguraldi kaskarra egin zuen, eta azkenean afaltzeko erabiltzen den karpa horietako batean jo genuen. Bada, karpa hori juerga bat bilakatu genuen! Hemen elektrotxarangek tradizio gehiago dute, baina kanpoan ez hainbeste. Hasi ginenean ez ziren asko, baina gaur egun kopurua pila bat handitu da. Jotzeko testuingurua ere aldatu da: hasieran oso lotuta zegoen herri mugimenduari, baina gero eta ofizialagoa bilakatu da. Espazioa irabazi dute, eta, adibidez, udal askok kontratatzen dituzte orain.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide