Gasteizko Udalaren Euskara Zerbitzuak antolatutako Vitoria-Gasteiz Sarien XX. edizioan, Fernando Rey Escalera eta Patxi Zubizarreta saritu dituzte, haur eta gazte literaturako euskarazko itzulpen onenen egileak izateagatik.
Fernando Rey Escalerak haur literaturaren kategorian lortu du saria, Eloy Morenoren Cuentos para entender el mundo 2 lanaren itzulpenagatik. Patxi Zubizarreta, berriz, gazte literaturaren kategorian izan da saritua, Marcos S. Calveiroren El cartero de Bagdad lanaren itzulpenagatik.
Bi itzultzaileek 9.000 euroko saria jasoko dute, eta diploma bat jasoko dute abenduaren 1ean, Montehermoso Kulturunean egingo den ekitaldian.
Aurtengo edizioan hamasei lan aurkeztu dira, horietako hamahiru haur literaturaren kategorian. Maria Nanclares Euskara zinegotziak sariketan izandako parte hartzea eskertu du, sarien helburua "itzultzaileen lana aitortzea eta euskarazko sorkuntza eta literatura sustatzea" dela azpimarratuz. Epaimahaia Karlos del Olmok, Ainara Ruizek, Itziar de Blasek, Miren Ibarluzeak eta Karlos Zabalak osatu dute.
Gasteizen bizi den Patxi Zubizarreta Dorronsoro (Ordizia, 1964) euskal idazlea uzta oparoa jasotzen ari da aurten. Irailaren amaieran Espainiako Haur eta Gazte Literatura Saria irabazi ostean, Euskadi saria jaso zuen ondoren, bosgarrenez; bi sariak 2022ko martxoan Erein argitaletxearekin argitaratutako Zerria lanari esker jaso zituen.
Euskararen Eguneko ekitaldiak
Vitoria-Gasteiz Sariak banatzeko ekitaldia Gasteizko Udalak Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako jarduera sortaren barruan egingo da. Izan ere, Euskara Zerbitzuak hogei bat ekitaldi programatu ditu, gizarte etxeen sarearekin, udal liburutegien sarearekin, Principal Antzokiarekin eta hiriko eragile euskaltzaleekin elkarlanean; besteak beste, GEU Elkarteak, Zabalganeko Euskara Taldeak eta Mendibea Zabalganeko gurasko elkarteak parte hartu dute.
Aurreikusitako ekitaldien artean daude, besteak beste:
- Abenduaren 1ean, ostiralean: udalbatzaren ordezkariek euskararen aldeko adierazpen instituzional bat irakurriko dute Montehermoso Jauregian. Ondoren, Vitoria-Gasteiz Sariak banatuko dituzte bertan.
- Abenduaren 3an, igandean: kale antzerkia Landatxo kiroldegian, eta ondoren kalejira Andre Maria Zuriaren plazaraino, bertan euskararen aldeko kandelak pizteko (GEU Elkarteak antolatuta).
Euskararen Eguna abenduaren 3an ospatuko da, baina horren inguruko jarduera zikloa abenduaren 15era arte luzatuko da. Egitarau osoa Gasteizko Udalaren webgunean ikusgai.