Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldi batean, aurtengo Euskadi literatura sarietako irabazleetako hiru jakinarazi dituzte gaur: narratiba saria Arantxa Urretabizkaiak irabazi du, Azken etxea eleberriari esker (Pamiela); haur eta gazte literatura kategorian, Patxi Zubizarreta saritu dute, Zerria liburuagatik; eta, hirugarrenik, Joseba Larratxek lortu du ilustrazio saria, Ni ez naiz Mikel Laboa eleberri grafikoarekin (Mikel Laboa katedra, Elkar).
Gasteizen bizi den Patxi Zubizarreta Dorronsoro (Ordizia, 1964) euskal idazlea uzta oparoa jasotzen ari da aurten, 2022ko martxoan Erein argitaletxearekin argitaratutako Zerria lanari esker. Irailaren amaieran Espainiako Haur eta Gazte Literatura Saria irabazi ostean, Euskadi saria jaso du orain, bosgarrenez.
Espainiako literatura saria eskaini zion epaimahaiak "kalitate narratibo bikaina eta kontakizunaren desafio ahalmena" nabarmendu zituen, baita "giza izaerari buruzko hausnarketa egiten duten deskribapen hipnotikoak" ere. Gainera, "irakurlearen memoria eta oraina astintzeko duen gaitasuna" azpimarratu zuen.
Zerriak Bereketen istorioa kontatzen du. Alpeetako gailurretan jaso du Bereketek Gasparden albistea: "Gorpu batzuk deskubritu ditut, bi gutxienez, Tsanfleuron glaziarrean". Albisteak gazte glaziologoa astindu eta asaldatu du, eta ez du onik izan historiaren jatorria eta egia lazgarria ezagutu arte, hortxe, Pirinioen bihotzean.
Oraindik ere Euskadi literatura sarien beste lau irabazle ezagutzea falta da: saiakera, itzulpena eta gaztelaniazko bi modalitateak.