Urriaren hasieran, Berakah programak —Santa Maria eta San Bizente Martiria parrokien gizarte ekintza— kudeatutako etxebizitzetan bizi diren Alde Zaharreko hiru familia etxegabetzeen mehatxupean zeudela salatu zuen Auzoan Bizik. Handik gutxira, Fatima eta bere familia "edozein unetan" etxegabetuak izango zirela ohartarazi zuen Alde Zaharreko etxebizitza sareak.
Lau seme-alaba adingabe dituen familiak irailaren 26an jaso zuen etxegabetze jakinarazpena, utzarazte data bi egun beranduagorako zehaztuz, hau da, irailaren 28rako. Bizilagunen babesarekin, etxegabetzearen exekuzioa hilabete atzeratzea lortu zuen Fatimak; baina urriaren 30etik aurrera etxebizitza alternatibarik gabe kalean gelditzeko arriskuan zegoen familia osoa.
Hilabete osoan zehar, Berakahren jarduna salatu eta etxegabetzeak "behin betiko" bertan behera uzteko eskatu izan du Auzoan Bizi sareak. Horrekin batera, etxebizitza alternatiba bat bermatzea exijitu diete instituzioei.
Lan horri esker, Gasteizko Gizarte Zerbitzuek alternatiba bat eskaini diote familiari: Gasteiz kanpoaldean dauden bi etxebizitzatan aldi baterako ostatua. "Sei kide dituen familia banatzea eta bi leku ezberdinetan bizitzea izan da udalak utzi dien aukera bakarra", kritikatu du Alde Zaharreko auzokide sareak.
"Ez da inondik inora irtenbidea"
"Ziurgabetasunean bizi izan den hilabete luze honen ostean, Berakahren gezurrek bere irudia ilundu nahian eta instituzioek alternatiba hori aukera bakartzat aurkeztu ondoren, emandako aukera onartzera behartuta ikusi dute beren burua", adierazi du Auzoan Bizik, ohar batean. "Badakigu ez dela inondik inora irtenbidea, eta horregatik Fatima eta bere familiarentzat benetako etxebizitza alternatiba bat lortzeko antolatzen jarraituko dugu".
"Onartezina da instituzioek familia bat horrela banatzea, bi etxebizitza ezberdinetan bizitzera behartuz. Larria da ere familia bere babesgune den auzo komunitatetik urruntzera behartzea. Are gehiago, familia etxebizitzen alokairuaren zati bat ordaintzera behartuta dago, eta bi etxebizitza direla kontuan izanda, gastuak bikoitzak izango dira", kritikatu dute.
"Instituzioak eta gizarte zerbitzuek errepikatuko dute saiatu direla beste alternatibaren bat lortzen, baina ez dagoela etxebizitzarik eta ezin dutela ezer egin. Guk behin eta berriro esango dugu: miseria kudeatzera mugatzen badira jabetza pribatua zalantzan jarri gabe, noski ez dela beste aukerarik egongo. Etxebizitza merkantzia eta negozio den bitartean ez delako eskubide izango", gaineratu dute.