Alde Zaharreko hiru familia etxegabetzeen mehatxupean

Erredakzioa 2023ko urr. 6a, 17:16

Berakahren jokabidea salatzeko pankarta, Alde Zaharrean. Argazkia: Auzoan Bizi

Auzoan Bizi etxebizitza sareak salatu duenez, Berakah programak kudeatutako etxebizitzetan bizi diren hiru familia etxegabetuak izateko arriskuan daude. Etxegabetze prozesu guztiak "berehala" gelditzea eskatu dute.

Ostiral honetan Gasteizko Alde Zaharreko Etxebizitza Sareak jakitera eman duenez, Berakah programak kudeatzen duen etxebizitzetan bizi den familia batek etxegabetze jakinarazpena jaso zuen irailaren 26an, etxegabetze data bi egun beranduagorako zehaztuz, hau da, irailaren 28rako. Gainera, aldez aurretik inolako abisurik jaso ez izanak "etxegabetze epaiari errekurtsoa jartzeko eskubidea kendu" ziela ohartarazi du Auzoan Bizi sareak.

Azaldu dutenez, oraingoz kaleratzea hilabete atzeratzea lortu dute, eta mobilizazioa deitu dute urriaren 20rako, ostiralerako, 19:00etan San Marcos kantoian, Berakahko etxegabetzeak gelditu lelopean.

"Ez epaitegietatik ez Berakahtik ez zieten gizarte zerbitzuei jakinarazi adingabeak zituen familia bat etxetik botako zutenik", azaldu dute Auzoan Biziko kideek: "Etxebizitza Legearen arabera, legez kanpokoa da familia zaurgarrien etxegabetzeak gauzatzea, lehenago gizarte zerbitzuei abisatu gabe". Are gehiago, 2023ko abenduaren 31ra arte indarrean jarraitzen du pertsona eta familia zaurgarrien etxegabetzeen eteteak.

Berakah, "gizarte ekintzako" proiektua

Auzoan Biziren arabera, ez da lehen aldia Berakahk bere programan parte hartzen duten familiak etxegabetzeko mekanismoak martxan jarri dituela. Izan ere, orain arte, gutxienez, adingabeak dituzten beste bi familia etxegabetzeko abiatutako beste bi prozesu judizialen berri izan dute.

"Ez hori bakarrik. Etxegabetzeez gain, jakin izan dugu Berakahk argi mozketak egin izan dituela, familiak modu iraingarri eta arrazistan tratatu dituela, xantaia eta mehatxuak egin dizkietela, justifikatu gabeko fakturak edo adostu gabeko diru kopuruak ordaintzeko eskatu dietela, besteak beste", ohartarazi dute bizilagunen saretik.

Gogora ekarri dutenez, Berakah Santa Maria eta San Bizente Martir parrokietako gizarte ekintza da, eta Gasteizko elizbarrutiaren laguntza du, baita Vital Fundazioaren finantzazioa eta donazio anonimoak ere. "Dituen baliabideen eta programen kudeaketa erabat pribatua denez, irizpideak eta praktikak ez dira batere argiak. Horien adibidea da berehalako etxegabetze egoera hau: familiak ez du etxebizitza alternatibarik, eta, hala ere, Berakahk kalean utzi nahi ditu", kritikatu dute.

"Etxegabetze hau eta abian dauden etxegabetze prozesu guztiak berehala gelditzea eskatzen dugu, baita abusuak eta praktika arrazistak etetea ere. Zerbitzu horien kudeaketa ezin da esku pribatuetan egon", aldarrikatu du Auzoan Bizik, hurrengo egunetan adi egotera dei eginez, informazio gehiago eta deialdi berriak emango baitituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago