Auzoan Bizi

"Berakahk etxegabetzen du", salatu dute Alde Zaharreko bizilagunek

Erredakzioa 2023ko urr. 20a, 20:30

Urriaren 30etik aurrera edozein unetan etxegabetuak izateko arriskuan daude Fatima eta bere familia. Auzoan Bizi etxebizitza sareak eta dozenaka bizilagunek etxegabetze guztiak bertan behera uzteko eskatu diote Elizaren Berakah programari.

Ostiral honetan, Alde Zaharreko zein Gasteizko dozenaka bizilagun bildu dira Auzoan Bizi etxebizitza sareak deitutako elkarretaratzean, San Marcos kantoian, Fatima eta bere familiari elkartasuna adierazi eta Berakahri —Santa Maria eta San Bizente Martiria parrokien gizarte ekintzako programa— martxan dituen etxegabetze prozesu guztiak bertan behera uzteko "berehala"; une honetan, gutxienez, hiru dira.

Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sareak duela bi aste eman zuen jakitera Berakah programak kudeatzen dituen etxebizitzetan bizi diren hiru familia etxegabetze arriskuan daudela: Fatima, Hanan eta Naceraren familiak. Hirurak adin txikiko seme-alabak dituzte, eta ez dute etxebizitza alternatibarik.

Horietako batek, lau seme-alaba adingabe dituen Fatimaren familiak, irailaren 26an jaso zuen etxegabetze jakinarazpena, utzarazte data bi egun beranduagorako zehaztuz, hau da, irailaren 28rako. Gainera, aldez aurretik inolako abisurik jaso ez izanak "etxegabetze epaiari errekurtsoa jartzeko eskubidea kendu" ziela ohartarazi du Auzoan Bizi sareak.

Ez ordaintzeagatiko etxegabetzea da sententzian jasota dagoena: "Baina nola izan liteke horrelako etxegabetze bat Berakahk ez badu inoiz inolako alokairu kontraturik egiten? Eta nola justifikatu lezake elizak hori? Familiak esku-dirutan ordaintzera behartzen dituzte inolako ordain-agiririk gabe", salatu du Auzoan Bizik.

Oraingoz kaleratzea hilabete atzeratzea lortu dute, baina urriaren 30etik aurrera "edozein momentutan" etxegabetuak izan daitezkeela ohartarazi dute.

"Ez epaitegietatik ez Berakahtik ez zieten gizarte zerbitzuei jakinarazi adingabeak zituen familia bat etxetik botako zutenik", azaldu dute Auzoan Biziko kideek: "Etxebizitza Legearen arabera, legez kanpokoa da familia zaurgarrien etxegabetzeak gauzatzea, lehenago gizarte zerbitzuei abisatu gabe". Are gehiago, 2023ko abenduaren 31ra arte indarrean jarraitzen du pertsona eta familia zaurgarrien etxegabetzeen eteteak.

Gainera, Udala eta instituzioak betetzen ari diren papera salatu dute: "Ez dute oraingoz inongo alternatibarik eskaini, familiaren ziurgabetasun eta urduritasuna areagotuz. Instituzioak etxebizitzaren gatazkan, arazoaren parte dira, ez irtenbidearena. Etxegabetzeen eta jabeen inpunitatearen konplize dira eta miseriaren kudeatzaile izatera mugatzen dira, zapalkuntza eta esplotazioa betikotuz".

Testigantzak

Honako bideo honetan, etxegabetze arriskuan dauden hiru familien testigantzak jaso ditu Hala Bedik:

 

Berakah, "gizarte ekintzako" proiektua

Auzoan Biziren arabera, ez da lehen aldia Berakahk bere programan parte hartzen duten familiak etxegabetzeko mekanismoak martxan jarri dituela. Izan ere, orain arte, gutxienez, adingabeak dituzten beste bi familia etxegabetzeko abiatutako beste bi prozesu judizialen berri izan dute.

"Ez hori bakarrik. Etxegabetzeez gain, jakin izan dugu Berakahk argi mozketak egin izan dituela, familiak modu iraingarri eta arrazistan tratatu dituela, xantaia eta mehatxuak egin dizkietela, justifikatu gabeko fakturak edo adostu gabeko diru kopuruak ordaintzeko eskatu dietela, besteak beste", ohartarazi dute bizilagunen saretik.

Gogora ekarri dutenez, Berakah Santa Maria eta San Bizente Martir parrokietako gizarte ekintza da, eta Gasteizko elizbarrutiaren laguntza du, baita Vital Fundazioaren finantzazioa eta donazio anonimoak ere. "Dituen baliabideen eta programen kudeaketa erabat pribatua denez, irizpideak eta praktikak ez dira batere argiak. Horien adibidea da berehalako etxegabetze egoera hau: familiak ez du etxebizitza alternatibarik, eta, hala ere, Berakahk kalean utzi nahi ditu", kritikatu dute.

"Pobretuen alde aritzen direla esaten badute ere, horien programetan daudenak etxegabetzen dituzte. Asistentzialismotik eta paternalismotik jarduten dute, ezer ez aldatzeko", gaineratu dute. "Etxebizitza asko, gainera, baldintza kaskarretan daude: pitzadurak, hezetasun handiak, hotza...".

"Etxegabetze hau eta abian dauden etxegabetze prozesu guztiak berehala gelditzea eskatzen dugu, baita abusuak eta praktika arrazistak etetea ere. Zerbitzu horien kudeaketa ezin da esku pribatuetan egon", aldarrikatu du Auzoan Bizik, hurrengo egunetan adi egotera dei eginez, informazio gehiago eta deialdi berriak emango baitituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago