Azken asteetan jakin izan dugunez, Armentia Ikastolako hiru familia etxegabetuak izateko arriskuan daude. Ikastolako zazpi ikasle lirateke etxegabetzeak eragindakoak; guztira, bederatzi adingabe eta bost pertsona heldu.
Irailaren 26an, Berakah programak kudeatzen duen etxebizitzetan bizi den familietako batek etxegabetzearen exekuzio aginduaren jakinarazpena jaso zuen, eta etxea borondatez uzteko bi eguneko epea eman zioten. Exekuzioa hilabetez atzeratzea lortu badu ere, familiak salatu du ez dutela legez aldez aurretik jaso behar duten salaketaren berri izan, eta, beraz, etxegabetze epaiari helegitea jartzeko eskubidea galdu dutela. Beste bi familiek ere jaso dute etxea uzteko agindua.
Egoera horren aurrean, familiek Alde Zaharreko Auzoan Bizi etxebizitza sarera jo zuten beraien kasua azaltzera, eta elkarrekin ari dira lanean. Etxegabetzeak gelditzea exijitu du sareak, eta mobilizazioa deitu du ostiralerako, urriaren 20rako, 19:00etan San Marcos kantoian.
Armentia Ikastolatik elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu dute, eta gertutasuna adierazi nahi diete familiei.