Ostegun honetan, udal gobernu programaren aurkezpen saioan, Europa Jauregiaren atzeko lorategiei Miguel Angel Blanco izena jarriko dietela iragartzeaz gain, Maider Etxebarria alkateak jakitera eman du Hedegile kaleko Maturana-Berastegi jauregian Gasteizko Memoriaren Espazioa sortuko dutela.
Museo itxurako espazioa izango da, eta modu "erakargarri eta didaktikoan" jasoko du Arabako hiriburuaren eta bertako auzoen historia eta bilakaera. XX. mendeko 60. eta 70. hamarkadetan oinarrituko da batik batik, gure hiriak garapen industrial eta demografikorik handiena bizi izan zuenean.
Maturana-Berastegi jauregiaren beheko solairua birgaitzeko obrak udan amaitu ziren, eta dagoeneko zabalik dago bisita gidatuak egiteko. Lan horiei esker, eraikina Hispania Nostraren zerrenda gorritik atera dute. "Lan horrek jarraipena izan behar du. Jauregia harribitxia da, eta distira aterako diogu, denboran atzera egin ahal izateko eta gure nortasuna indartzeko. Hiriaren historia eta memoria gordetzeko eta zaintzeko lekua izango da", aldarrikatu du Etxebarriak.
Eraikinak lehengoratzeko lanekin jarraitzeko beharra du oraindik, baina ekipamendu berriari esker, jauregi historikoa berreskuratzeaz gain, baliabide kultural eta turistiko berria sortuko da Erdi Aroko erdigunean, Santa Maria Katedraletik metro gutxira. Halaber, handik metro gutxira, Alaba Belasko jauregia —2018ko abendutik 2019ko otsailera Talka espazio feminista izan zena— erreformatu egin dute jada, eta laster apartahotel bat izango da.
Migranteei aitortza
Espazio berriak erakusketa iraunkorrak eta behin-behinekoak uztartuko ditu, eta, besteak beste, Espainiako probintzietatik etorri ziren milaka migranteei aitortza egiteko espazioa izango da, "60ko eta 70ko hamarkadan Arabako hiriburuaren hazkunde ekonomiko eta demografikoan izan zuten eragina" aintzat hartuta.
Horretarako, Abetxuku, Adurtza, Zaramaga, Ariznabarra edo Sansomendu bezalako langile auzoen sorrera ekarri zuen garapen industrialean jarriko dute arreta, eta bertako bizilagunekin lankidetzan aritzeko asmoa du udalak, beraien ekarpenak, bizipenak eta lekukotzak jasotzeko, baita tokiko memoria berreraikitzeko ere. "Halakorik egin ezean, galtzeko arriskuan dago", ohartarazi du Etxebarriak.
2,3 milioi euro
Proiektuaren edukiei ekin aurretik, oinetxean birgaitzeko lan berriak egingo dituzte. Horiek finantzatzeko, Gasteizko Tokiko Gobernu Batzordeak 1,1 milioi euroko konpromiso kreditua onartuko du ostiral honetan, datozen bi urteetan gauzatzeko. Horrez gain, Europatik jasotako beste 1,2 milioi euro gehituko zaizkio inbertsioari, egitura indartzeko eta inguratzen duena erreformatzeko lanak egiteko.
Lan horiek 2024ko udan has litezke, eta 18 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi dute. Ondoren, beharrezko inbertsioak egingo dituzte jauregia egokitzeko, etorkizunean kultur espazio eta museo gisa erabili ahal izateko.