Ostegun honetan, udal gobernu programaren aurkezpen saioan, Maider Etxebarria alkateak iragarri du Gasteizek Miguel Angel Blanco oroituko duela Txagorritxu auzoko lorategi batzuei bere izena jarrita. Zehazki, Txile, Argentina eta Bolivia kaleen arteko lorategiak dira, Europa Biltzar Jauregiaren atzekoak.
ETAk 1997an hil zuen Ermua udalerriko PPko zinegotzia, eta hainbat urtez biktimen taldeek eta zenbait alderdik —bereziki PPk eta PSEk— eskatutako omenaldia eskaini nahi dio orain Etxabarriak, hiriko kaleei izena jartzeko eskumena duela baliatuta: "Eremu berde handi hau Miguel Angel Blancoren lorategi bihurtuko da. Gure konpromisoa zen eta bete egin dugu", azaldu du.
"Terrorismoaren biktimen memoriarekiko konpromisoa" berretsi nahi du alkateak. Izan ere, ekainaren 17ko osoko bilkuran, Gasteizko kale bati zinegotziaren izena jartzea eskatzeko mozioa onartutako zen, hildako politikaria oroitzeko eta "gazteek horrekin lotuta izan dezaketen ezjakintasunarekin amaitzen laguntzeko asmoz".
"Indarkeria terrorista demokraten batasunarekin garaitu zen eta biktimen memoria eta egia, duintasuna eta justizia izateko eskubidea bizirik mantendu behar ditugu", aldarrikatu du Etxeberriak.
Plaka oroigarriak
Blanco omentzeaz gain, Maider Etxeberriak aurreratu du ETAk hildakoak oroitzeko hirian dauden 28 plakak ordezkatuko dituztela, ETAk hil zituela adierazten duten berri batzuekin; bere garaian alde batera utzi baitzen aipamen hori. Erabakia Gogoan biktimen kolektiboari eta Fernando Buesa Fundazioari jakinarazi diote jada, haiek eskatu baitzuten aldaketa hori.