Ibilbide gidatu sorta aberatsaren artean, proposamen berri bat antolatu dute Gasteizko turismo planetan uda honetarako. Alde Zaharreko Maturana-Berastegi jauregiko beheko eremua ezagutu ahal izango dute aurrerantzean bisitariek, bertan paratu duten erakusketa osagarri. Eraikinaren lehengoratze lanak amaituta, XVI. mendeko jauretxe ederra Erdi Aroko erdiguneko jauregi errenazentisten ibilbideko beste geldialdi bat izango da, Goiuri, Montehermoso, Eskoriatza-Eskibel eta Bendaña jauregiekin batera.
Hedegile kaleko eraikinak hamaika istorio gordetzen ditu, eta horietako batzuk deskubritzeko aukera izango da garai bateko atarian kokatu duten bildumarekin. Izan ere, indusketa arkeologikoetan aurkitutako armek erakusten dutenez, kokaleku honetan sutegi bat eta etxebizitza bat egon ziren XIII eta XV. mendeen artean, eta sute baten ondorioz suntsitu ziren. Jauregia XVI. mendean eraiki zuten, Errege Katolikoek ezarritako bake-testuinguruan, bando-gerrak amaitzeko ahaleginetan baitziren; Gasteizen Callejatarren eta Aiaratarren artekoa zen borroka. Eraikina Antonio Saenz de Maturana kalonjearen ekimenez eraiki zuten, Zapatari kalea kontrolatzen zuen Calleja bandokoa; jauregiaren atzeko fatxada kale horretara irekitzen da, hain zuzen.
XVI. mendeko eraikina Antonio Saenz de Maturana kalonjeak aginduta eraiki zuten
Erakusketako gunea, garai bateko atarian kokatuta dagoena, koadroekin, informazio-panelekin eta audiogiden sistemekin egokitu dute ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat. Honetan, eraikinaren jabe izan ziren pertsona ezagunak ditu gogoan. Besteak beste, Jose Lorenzo Berastegi; jauregiaren oinordeko honek kargu garrantzitsuak izan zituen: Gasteizko prokuradore nagusi, Arabako ahaldun nagusi eta Gasteizko alkate izan zen, besteak beste. Eraikinaren lehenengo handitzea bere esku etorri zen, 1681ean, iparraldeko ondoko etxea erosi ostean.
Prudencio Maria Berastegi ere ezaguna izan zen jabeen artean, hainbat kargu militar eta politiko izan baitzituen. Pentsaera absolutista eta Gortearekiko harreman estua izandakoa, behin baino gehiagotan izan zen Arabako ahaldun nagusi. Jauregiaren bigarren handitze nagusiaren sustatzailea izan zen.
Santa Maria katedralaren azpiko eraikina bi modutara bisitatu daiteke. Beste eraikin errenazentistekin batera antolatutako bisita gidatuan izan daiteke, astelehen eta ostegunetan, edota norbere kontura, astelehen, ostegun eta ostiral arratsaldetan.
Gasteizko turismo bulegoak proposatutako udako programazioak, gainera, beste jarduera interesgarri batzuk ere biltzen ditu, bisitaldi gidatuak tartean: Erdi Aroko hirigunerako bisita gidatua, horma-irudien ibilbidea, bisita Erdi Aroko etxarteetara, Hiri zuriaren isiltasuna bisitaldi literarioa, eta Santa Isabel hilerrira bisita.