Gasteizko Mugimendu Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute Andre Maria Zuriaren plazan jaietan izan diren eraso matxistak salatzeko. Erasorik ez erantzunik gabe lelopean, dozenaka lagun elkartu dira astearte arratsaldean plazan.
Gutxienez, sei eraso izan dira Gasteizko jaietan. Lehenengo egunean, esate baterako, 49 urteko gizon bat atxilotu zuten emakume bati eraso egin ziola leporatuta, eta igandean gizon bat atxilotu zuten adin txikiko emakume bat erasotzeagatik. "Honek guztiak borrokatzen jarraitzeko beharra plazaratzen digu, autodefentsa kolektiboak ekarri dituen aurrerapausoak nabarmendu eta erasoei planto zuzena egiten jarraituz", azpimarratu dute feministek.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.