Gazte bat atxilotu dute adingabe bati sexu erasoa egitea leporatuta

Erredakzioa 2023ko abuztuaren 7a

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazio bat. Argazkia: ALEA

Erasoa, jaietako bigarrena, larunbatean gertatu zen, baina, adingabe bati eragiten dionez, udalak ez du informazio gehiagorik eman.

Gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen, adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita, Iñaki Gurtubai Segurtasuneko zinegotziak jakitera eman duenez. Gurtubaik esan du erasoa joan den larunbatean gertatu zela, eta Andre Maria Zuriaren jaietako lehen egunean gertatutakoa ere gogoratu du; atzo aske geratu zen 49 urteko gizon bat atxilotu zuten orduan.

Zinegotziak adierazi duenez, jaietako bigarren sexu-erasoan adingabea da biktima, eta, horregatik, informazio gutxiago eman du Udalak, eta ez da bozeramaileen batzordearen berariazko kondenarik egon, lehen kasuan gertatu zen bezala. Ustezko erasotzailea "herritarren laguntzari esker" atxilotu zuten.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago