PSE eta EAJren koalizio gobernuko alkateordea izango da Artolazabal

Erredakzioa 2023ko eka. 20a, 12:00

Gobernu akordioa aurkezteko prentsaurrekoa. Argazkia: @BeaArtolazabal

Gasteizko udal gobernurako akordioa aurkeztu dute PSEk eta EAJk. Beatriz Artolazabal alkateordea izango da, eta arlo, sail eta sozietate publiko nagusiak banatu dituzte: Ogasuna eta Hirigintza sozialistentzat; Mugikortasuna jeltzaleentzat.

PPren aldeko botoei esker Maider Etxebarria Gasteizko alkate izendatu eta 72 ordutara, astearte honetan, koalizio gobernuaren lehenengo xehetasunak aurkeztu dituzte EAJk eta PSEk. Presazko deialdi baten bidez, 09:00ak aldera iragarri dute 11:00etarako prentsaurrekoa: Gasteizko alkate Maider Etxebarria (PSE), EAJ udal taldeko bozeramaile Beatriz Artolazabal, Arabako PSE-EEren idazkari nagusi Cristina Gonzalez, eta EAJren Araba Buru Batzarreko presidente Jose Antonio Suso izango ziren bertan.

2023-2027 legegintzaldian bi alderdien arteko udal gobernua izango da Gasteizkoa, gutxiengoan izango bada ere; bien artean 27 zinegotzietako hamabi dituzte: PSEk sei ditu eta EAJk beste sei. Hortaz, legegintzaldi osoan zehar, beste hiru alderdien (EH Bildu, PP eta Elkarrekin) babesa bilatu beharko dute, bereziki aurrekontuei eta proiektu handiei begira.

"Gaur egun handia da Gasteizentzat. Badakizue beti izan naizela akordioen defendatzaile sutsua, eta itun honek egonkortasuna eta zorroztasuna emango dizkio hiriari", aldarrikatu du Maider Etxebarria Gasteizko lehenengo emakume alkateak. "Eskua luzatzen diegu EH Bilduri, PPri eta Elkarrekin taldeei", gaineratu Artolazabal alkateordeak.

Arloak, sailak eta sozietate publikoak

Oraindik koalizio gobernurako akordioaren xehetasun ugari falta dira, baina lehenengoak plazaratu dituzte gaurko prentsaurrekoan:

  • Beatriz Artolazabal (EAJ) izango da Gasteizko alkateordea.
  • PSEren arloak:

    • Alkatetzaren, Ogasunaren, Giza Baliabideen, eta Kirol eta Osasunaren arloa. Horren barruan, honako sail hauek: Alkatetza, Harreman Instituzionalak eta Berdintasuna; Ogasuna; Giza Baliabideak; eta Kirola, Osasuna eta Garapenerako Lankidetza sailak. Euskara Zerbitzua Alkatetzaren barruan izan ohi da orain arte, beraz, litekeena da horrela izaten jarraitzea, hau da, PSEren esku gelditzea; hala ere, akordioak ez du argitu oraingoz.

    • Hiri Eredua, Ingurumena eta Ekonomia Sustapenaren arloa. Horren barruan, honako udal-arlo hauek: Hiri Eredua, Etxebizitza, Garbitasuna eta Ingurumena; eta Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoa.

  • EAJren arloak:

    • Pertsonei zuzendutako Zerbitzuak eta Zaintzak. Horren barruan, honako sail hauek: Gizarte Politikak; Segurtasuna; eta Kultura eta Hezkuntza

    • Administrazioaren Modernizazioa eta Espazio Publikoaren Hobekuntza. Horren barruan, honako sail hauek: Espazio Publikoa eta Auzoak; Administrazioaren Modernizazioa eta Gobernu Irekia.

  • PSEren sozietateak eta erakundeak: Amvisa, 21 Zabalgunea, GILSA eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegia.

  • EAJren sozietateak eta erakundeak: Tuvisa, Luis Aranburu Udal Musika Eskola eta Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioa.

Aste honetan eratuko da Tokiko Gobernu Batzordea, eta bertan izendatuko dituzte udal sail bakoitzaren buru izango diren pertsonak eta alkateordeen postuak beteko dituztenak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago