Lanuzteak eta mobilizazioak Gasteizko tranbian, "lan txanda duinen" alde

Erredakzioa 2023ko eka. 7a, 09:30

LAB eta CCOO sindikatuek lau orduko bederatzi lanuzte deitu dituzte datozen egunetarako, asteartean hasita. Gaur, Eusko Legebiltzarraren aurreraino eraman dute gidaldiak murrizteko eta atsedenaldiak hobetzeko eskakizuna.

Gasteizko tranbian lanuzte gehiago deitu dituzte ekainaren 6an, 7an, 8an, 9an, 12an, 13an, 14an, 15ean eta 16an, maiatzaren 26an egindako greba egunaren ostean, ez baitute "inolako komunikaziorik" izan enpresaren aldetik. Lehen greba egunean, jarraipena %100ekoa izan zen; atzo, berriz, langileen %74 inguruk egin zuten bat lanuzteekin.

Azken bileran, ekainaren 5ean, Euskotren garraio enpresa publikoak gidaldiak murriztea eta asteburuetako atsedenaldiak hobetzea eskaini zion plantillari. LAB sindikatuak, eskaintza nahikoa ez dela iritzita, lanuzteekin jarraitzea erabaki du, CCOO sindikatuaren babesarekin: "Asteburuetako librantza hobetu du, baina bere txanda-eskaintza azken bileran aurkeztutakoaren berdina da, hau da, lan karga handiko txandak, gidatze ordu asko... eta horrek eragin zuzena du bai langileen egunerokoan, bai erabiltzaileen segurtasunean", kritikatu du LABek.

Lanuzteez gain, asteazken honetan, bi sindikatuek elkarretaratzea deitu dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, 09:00etatik 10:00etara bitartean, "gatazka agerian uzteko":

Euskotrenek %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, eta lanuzte bakoitzaren bi orduetan hiru bidai izango dira. Hurrengo egunetan, astelehenetik ostiralera, honako ordutegi hauetan izango dira lanuzteak (bi ordu goizez eta bi arratsaldez), eta egun bakoitzeko gutxieneko zerbitzuak hemen kontsulta daitezke:

  • Ekainak 6, asteartea: 08:30etik 10:30era eta 16:00etatik 18:00etara.
  • Ekainak 7, asteazkena: 08:00etatik 10:00etara eta 15:30etik 17:30era.
  • Ekainak 8, osteguna: 07:30etik 09:30era eta 16:15etik 18:15era.
  • Ekainak 9, ostirala: 08:15etik 10:15era eta 16:15etik 18:15era.
  • Ekainak 12, astelehena: 08:30etik 10:30era eta 16:00etatik 18:00etara.
  • Ekainak 13, asteartea: 07:30etik 09:30era eta 15:00etatik 17:00etara.
  • Ekainak 14, asteazkena: 08:00etatik 10:00etara eta 15:30etik 17:30era.
  • Ekainak 15, osteguna: 08:15etik 10:15era eta 16:15etik 18:15era.
  • Ekainak 16, ostirala: 07:45etik 09:45era eta 15:15etik 17:15era.

Akordioa, "gertu"

Gasteizko tranbiako langileen eta Euskotreneko zuzendaritzaren arteko negoziazioak 2022ko irailean hasi ziren. Hurrengo bilera ostegun honetan, ekainaren 8an, izango da. LAB sindikatuaren arabera, "akordioa gertu dago, baina enpresak ez du amore eman nahi izan".

Apirilaren 11n tranbia Salburua auzoraino hedatu zenetik "inposatutako lan txandak" dituztela salatu dute langileek. "Lan txanda horiek iraupen luzea, lan karga handia eta denbora gutxiko etenak dituztenez, estresa eta segurtasunik eza eragiten dute", azaldu dute. Akordiorik ez badago, mobilizazio gehiago iragarri dituzte sindikatuek, "lan txanda duinak lortu arte, segurtasuna bermatzeko eta kalitatezko zerbitzua emateko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide