Ekainean zehar lanuzteak izango dira Gasteizko tranbian

Erredakzioa 2023ko eka. 6a, 09:30
Gasteizko tranbia, egun normal batean. Argazkia: Giuliana Preciado Cuero / ALEA

Maiatzaren 26ko greba egunaren ostean, LAB sindikatuak lau orduko bederatzi lanuzte deitu ditu datozen egunetarako, gaur hasita. Nagusiki, gidaldiak murriztea eta atsedenaldiak hobetzea eskatu du plantillak.

Gasteizko tranbian lanuzte gehiago deitu dituzte ekainaren 6an, 7an, 8an, 9an, 12an, 13an, 14an, 15ean eta 16an, maiatzaren 26an egindako greba egunaren ostean. Egun horretan jarraipena %100ekoa izan zen. Garraio enpresak gidaldiak murriztea eta asteburuetako atsedenaldiak hobetzea eskaini dio plantillari. LAB sindikatuak, eskaintza nahikoa ez dela iritzita, lanuzteekin jarraitzea erabaki du.

Astearte honetan, hilaren 6an, lanuzteak puntako orduetan izango dira: 08:30etik 10:30era eta 16:00etatik 18:00etara. Euskotrenek %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, eta lanuzte bakoitzaren bi orduetan hiru bidai izango dira. Hurrengo egunetan honako ordutegi hauetan izango dira lanuzteak (bi ordu goizez eta bi arratsaldez), eta egun bakoitzeko gutxieneko zerbitzuak hemen kontsulta daitezke:

  • Ekainak 7, asteazkena: 08:00etatik 10:00etara eta 15:30etik 17:30era.
  • Ekainak 8, osteguna: 07:30etik 09:30era eta 16:15etik 18:15era.
  • Ekainak 9, ostirala: 08:15etik 10:15era eta 16:15etik 18:15era.
  • Ekainak 12, astelehena: 08:30etik 10:30era eta 16:00etatik 18:00etara.
  • Ekainak 13, asteartea: 07:30etik 09:30era eta 15:00etatik 17:00etara.
  • Ekainak 14, asteazkena: 08:00etatik 10:00etara eta 15:30etik 17:30era.
  • Ekainak 15, osteguna: 08:15etik 10:15era eta 16:15etik 18:15era.
  • Ekainak 16, ostirala: 07:45etik 09:45era eta 15:15etik 17:15era.

Akordioa, "gertu"

Gasteizko tranbiako langileen eta Euskotreneko zuzendaritzaren arteko negoziazioak 2022ko irailean hasi ziren. Hurrengo bilera ostegun honetan, ekainaren 8an, izango da. LAB sindikatuaren arabera, "akordioa gertu dago, baina enpresak ez du amore eman nahi izan".

Apirilaren 11n tranbia Salburua auzoraino hedatu zenetik "inposatutako lan txandak" dituztela salatu dute langileek. "Lan txanda horiek iraupen luzea, lan karga handia eta denbora gutxiko etenak dituztenez, estresa eta segurtasunik eza eragiten dute", azaldu dute. Akordiorik ez badago, mobilizazio gehiago iragarri dituzte sindikatuek, "lan txanda duinak lortu arte, segurtasuna bermatzeko eta kalitatezko zerbitzua emateko".

GUTXIENEKO ZERBITZUAK

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide