Gasteizko tranbia gaur ez doa lanera

Erredakzioa 2023ko mai. 26a, 13:00
Gasteizko tranbia, egun normal batean. / Argazkia: Giuliana Preciado Cuero

Gasteizko tranbiako langileek grebara jo dute ostiral honetan, enpresak lan txandetan ezarritako "aldebakarreko aldaketak" arbuiatu eta "behar bezalako lan baldintzak" eskatzeko. Jarraipena erabatekoa izan da, %100ekoa.

Enpresa batzordeko sindikatuek azaldu dutenez, atzo, maiatzaren 25ean, bi asanbladatan bildu ziren langileak —goizez eta arratsaldez—. Kontrako botorik gabe, greba deialdiari eustea, negoziazioekin jarraitzea eta zuzendaritzari azken proposamen bat bidaltzea erabaki zuten langileek. "Baina Euskotreneko zuzendaritzak ez dio proposamenari erantzun ere egun; hori egungo zuzendaritzak negoziatzeko duen gaitasun hutsaren erakusgarri bat besterik ez da", kritikatu du LAB sindikatuak.

Gasteizko tranbiako langileen eta Euskotreneko zuzendaritzaren arteko negoziazioak 2022ko irailean hasi ziren. Testuinguru horretan, sindikatuek greba deitu zuten maiatzaren 26rako; hau da, gaurko.

Sindikatuek eguerdian jakitera eman dutenez, jarraipena erabatekoa izan da, hiriko tranbian lan egiten duten ehun beharginen %100ak bat egin baitu lanuztearekin. Ondorioz, grebak eragin nabarmena izan du egunero milaka herritar garraiatzen dituen zerbitzuan, soilik Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzua (%30) eskaintzen ari baita; gutxi gorabehera, 45 minutuko maiztasunarekin egiten ari dira bidaiak.

Besteak beste, apirilaren 11n tranbia Salburua auzoraino hedatu zenetik "inposatutako lan txandak" dituztela salatu dute langileek. "Lan txanda horiek iraupen luzea, lan karga handia eta denbora gutxiko etenak dituztenez, estresa eta segurtasunik eza eragiten dute", azaldu dute. Gainera, "etorkizuneko mobilizazioak" iragarri dituzte sindikatuek, "lan txanda duinak lortu arte", segurtasuna bermatzeko eta kalitatezko zerbitzua emateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide