Maiatzaren 28an, igandean, izango dira 2023ko udal eta foru hauteskundeak, eta makineria guztia martxan dago jada. Bart gauean alderdiek ofizialki ekin zioten hauteskunde kanpainari, eta horrekin batera, goizean argitaratu dute Eusko Jaurlaritzaren Soziometroaren azken inkestaren emaitzak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zein EAEko hiru hiriburuetako udal hauteskundeen boto aurreikuspena izan du aztergai txostenak.
Aurreikuspenak Araban
Arabako foru hauteskundeen kasuan, azken inkestetako boto estimazioak mantendu dira: EAJ nagusi izango litzateke (%31,0) eta EH Bildu (%22,2) bigarren indarra, bi alderdiek zuzeneko boto asmo handiena izanik (%16,8 eta %11,7, hurrenez hurren); hirugarren indarra PSE-EE (%18,2) izango litzateke (%31,0), PP laugarren (%15,4) eta Elkarrekin Podemos (%7,1) bosgarren. Vox (%3,0) Arabako legebiltzarretik kanpo geldituko litzateke. Gainera, Soziometroak %39,5eko abstentzioa aurreikusi du.
Hiriburuan, lehia estua
Gasteizko udal hauteskundeei dagokienez, lehia gero eta estuagoa aurreikusten ari dira inkestek, bereziki EAJ eta EH Bilduren artean berdinketa teknikoa izateraino (zazpina zinegotzirekin), eta PSE-EEk hurbiletik jarraituta (sei eserlekurekin). Nolanahi ere, edozer gerta daiteke, eta zinegotzien dantzak markatuko du hauteskunde gaua.
Soziometroaren boto estimazioaren arabera, honakoa izango da boto kopuruaren araberako ordena: EAJ nagusituko litzateke (%23,8) eta, gertutik, EH Bildu bigarren indarra (%22,7), azken horren zuzeneko boto asmoa jeltzaleena baino handiagoa izanik (%12,6 eta %13, hurrenez hurren); hurbiletik ere PSE-EE hirugarren indarra litzateke (%21,2), PP laugarrena (%18,5) bost zinegotzirekin, eta Elkarrekin Podemos bosgarrena (%7,3) bi zinegotzirekin. Hiriburuan ere Vox (%3,2) udaletxetik kanpo geldituko litzateke. Kasu honetan, Soziometroak %40ko abstentzioa aurreikusi du.