Aginte makilak eskuratzeko azken txanpa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko mai. 12a, 06:00

223 alkategaien artean aukeratuko dute herritarrek. ALEA

Arabako 253.326 herritar daude deituta maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan botoa ematera. Guztira, Trebiñuko udalerriak kontuan hartuta, 53 udalerritan banatuko dira hautes mahaiak, eta 229 alkategaien artean aukeratu beharko da. Hiru zerrendaburutik bi dira gizonak, eta bat bakarrik andrea.

Hauteskunde kanpainako bi asteetan murgiltzeko prest da Araba. Polemika handirik gabe, eta hauteskundeen bazka bihur zitezkeen gaiak alboratu eta gero, hala nola Aranako errefuxiatuen zentroa edo De Miguel auzia, alderdi politiko nagusiek hautagai berriak aurkezteko erabili dute kanpainaurrea, barruko lanak fintzeko eta posizioak finkatzeko, gai eta proposamen izarrak mahai gainean jarriz. Hiru ardatzetan zentratu dira herrialdeko alderdi politiko nagusien proposamenak hauteskundeei begira: eraldaketa ekonomikoa, klima aldaketaren aurkako borroka eta trantsizio energetikoa, eta zaintzen krisia. Halaber, Espainiako Gorbernuak onartu berri duen Etxebizitzaren Legearen harira, babes ofizialeko etxebizitzak eta alokairu sozialak sustatzeko eta alokairuen prezioak mugatzeko hainbat proposamen egin dituzte EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek. EAJk, berriz, orain arteko kudeaketan oinarritu du kanpainaurreko jarduera; hiriburua barrurantz haztea proposatu du, eta 25.000 etxebizitza eraikitzea jarri du mahai gainean, Hiri Antolamenduko Plan berriari esker.

Hiriburuan ez ezik, lehia ziurtatuta dago Arabako udalerri guztietan; denetan, gutxienez hiru zerrenda aurkeztu dituzte.

Bada, kanpainaurrekoaren ostean, gorputzez  gorputz borrokatzeko unea dute orain hautagaiek, maiatzaren 28ko hautetsontzietan emaitza onak lortzeko. ALEAk, bere aldetik, hauteskundeen jarraipena egingo du, eta herrialdeko alderdi politiko nagusien hautagaiekin elkarrizketak argitaratuko ditu hurrengo bi asteetan; PPrekin ez da izango, ez baitute elkarrizketak egiteko proposamena onartu. Beraz, maiatzaren 19ko aldizkarian, Arabako ahaldun nagusigai diren EAJko Ramiro Gonzalez, EH Bilduko Eva Lopez de Arroiabe, PSE-EEko Cristina Gonzalez eta Elkarrekin-Podemoseko David Rodriguez izango dira elkarrizketatuak. Maiatzaren 26ko aldizkarian, berriz, Gasteizko alkategaiak izango dira protagonistak: EAJko Beatriz Artolazabal, EH Bilduko Rocio Vitero, PSE-EEko Maider Etxebarria eta Elkarrekin-Podemoseko GarbiÒe Ruiz elkarrizketatuko ditu ALEAk.

Polarizazioaren bila, edo ez

Kanpainaurreko mezu instituzionalagoen aurrean, ikusteko dago hurrengo bi asteetan alderdien makineriek bestelako martxa hartzen duten eta inkestek aurreratu duten EAJren eta EH Bilduren arteko lehia zukutzeko estrategiak abiatzen dituzten herrialdeko bi indar nagusiek. Momentuz, Arabako hauteskunde oasian, Kai Nakai abeslariak piztu du polemika ia bakarra, EAJko alkategai Beatriz Artolazabalekin bideo bat grabatzeagatik.

Foru hauteskundeei begira, EAJren eta EH Bilduren hazkundea aurreikusi dute EITB Focusek martxoan zein Arabako Foru Aldundiak apirila hasieran aurkeztu zituzten inkestek, eta EAJk eta EH Bilduk gainerakoekiko tartea handituko dutela aurreratu dute. EITB Focusen arabera, Arabako Batzar Nagusietan 19 eserleku lortuko lituzke EAJk, botoen %31,7rekin; eta EH Bilduk, berriz,13 eserleku, botoen %23,6rekin. Halaber, aldundiak egindako inkestaren arabera EAJ izango litzateke berriz ere indar bozkatuena, %31,3ko boto estimazioarekin; horren atzetik, EH Bilduk botoen %24,2 lortuko luke; ondoren, PSE-EE egongo litzateke, %17,2ko estimazioarekin; PPk %13,9 lortuko luke; eta Elkarrekin Podemos, berriz, %7,4ra jaitsiko litzateke.

Genero desorekaren salbuespena da Kuartango; bost alkategai emakume aurkeztu dira

Herrialdeko biztanleen gehiengoa biltzen duten udalerrietan, berriz, Gasteizen eta Laudion, eserlekuen borroka latza suertatuko da bi indar politikoen artean. Hala, EITB Focusen arabera, EAJk eta EH Bilduk zinegotzi bat izango lukete jokoan Laudion eta Ander AÒibarrok errepikatuko du alkatetzan. Gasteizen, berriz,  boto asmoari buruzko EITBren inkestaren arabera, Beatriz Artolazabal EAJko alkategaiak gainditu egingo lituzke Gorka Urtaranen orain arteko emaitzak, 2019an baino zinegotzi bat gehiago lortuta (7tik 8ra); EH Bildu bigarren lekura igoko litzateke, eserleku kopuruari (6) eutsita; PSE-EEk zinegotzi bat galduko luke (6tik 5era); eta PP (5) eta Elkarrekin (3) taldeek ere eserleku kopurua mantenduko lukete. Gasteizko Udalaren soziometroak ere EAJ jo du irabazle hauteskundeetan. EAJ: 8 (-1); ondoren EH Bildu: 6 (+1); PSE-EE: 5 (+1); PP: 5; eta Elkarrekin Podemos: 3 (-1). Halere, udalaren inkestak ez du boto asmorik jasotzen, eserlekuen banaketa posiblea baino ez, eta ezin da jakin alderdien artean egon daitekeen botoen aldea.

Hamaika Gasteizen; zortzi Trebiñuko Konderrian

Hiriburuan ez ezik, lehia ziurtatuta dago Arabako udalerri guztietan; denetan, gutxienez hiru zerrenda aurkeztu dituzte. PP izan da gehien osatu dituena: 49 prestatu ditu, EAJk baino bat gehiago, eta PSE-EEk baino bi gehiago. EH Bilduk, berriz, 41, eta Voxek eta Elkarrekin Podemosek, bosna. Herri txiki batzuetan bertakoak ez diren hautagaiak ere aurkeztu dituzte hiriburuko alderdi nagusiek, aukerarik txikiena baliatzeko asmoarekin. PSE-EEk, adibidez, hautagai sinboliko bakarra aurkeztu du zenbait herritan: Lagranen, Estibaliz Canto Gasteizko zinegotzia aurkeztu dute, eta Armiñonen, Igor Salazar zinegotzi gasteiztarra.

Azkenean, Arabako hiriburuan, Falange Española de las JONS hautagaitza erretiratu ostean, hamaika hautagaitza lehiatuko dira, duela lau urteko berberak. Arabako hiriburuarekin batera, Trebiñuko konderria da hautagaitza gehien izango dituen udalerria; zortzi izango dira. Izan ere, EH Bilduri, PPri eta EAJri, Vox eta Ciudadanos ere gehitu behar zaizkie. Eta hiru talde independente aurkeztu dira: Trebiñu Egunez Egun, Guztiontzako Konderria eta Trebiñuko Konderriko Elkarte Independentea. Dulantzi eta Amurrio dira, Trebiñu Konderriaren eta Gasteizen atzetik, hautagaitza gehien aurkeztu dituzten udalerriak, zazpina; eta Dulantziko alkate Joseba Garitagoitiak hasiera batean alkategai izateko aukera baztertu bazuen ere, azkenean alkatetzara aurkeztuko da, talde independentearekin.

Independenteetan, aldaketak

Independenteen artean, nobedade nagusia Zanbranan eta Berantevillan dago: Aitor Abezia Zanbranako alkatea eta Mario Perea Berantevillakoa ez dira berriro aurkeztuko, ezta bere alderdi independenteetako inor ere. Orain, boterea ohiko alderdi politiko batera itzuliko da: EAJk, PSE-EEk eta PPk hautagaitza aurkeztu dute bi udalerrietan. Alkatetzan egon ez arren, urte luzez lan egin duten beste talde independente batzuk ere desagertuko dira herrialdean, Gaubeako Agrupacion Independiente bezala; eta talde berriak sortu dira: Kuartangon Andagostes zerrenda eta Arratzua Ubarrundian Goazen bizilagunak.

Independenteen artean, nobedade nagusia Zanbranan eta Berantevillan dago: Aitor Abezia Zanbranako alkatea eta Mario Perea Berantevillakoa ez dira berriro aurkeztuko

Beste udalerri batzuetan ere alkate independenteen aukerak mantenduko dira: Kanpezun Ibernalo Basterraren Kaixo hautagaitzari eutsi diote; Eltziegon Zieko Bairen hautagaitzari, Juan Carlos Uriberekin; eta Lapuebla de Labarcan Lapuebla Aurrerantz taldeari, Maria Teresa Cordobarekin.

Zerrendaburuen genero desoreka

Arabako 2023ko foru eta udal hauteskundeen hautagaien zerrenden buruen artean, konplikatua da oraindik ere emakumeak aurkitzea. Izan ere, Arabako udal hauteskundeetan, hiru zerrendaburutik bi dira gizonak, eta bat bakarrik emakumea. Hala, %34,9 dira alkategai andreak (80 emakume), eta %65,06 gizonak (149 gizon). Gainera, hamaika udalerritan –Añanan, Aramaion, Elvillarren, Erriberagoitian, Guardian, Haranan, Navaridasen, Oionen, Ekoran, Urizaharrean eta Argantzonen– zerrendaburu guztiak gizonezkoak dira, eta Arabako (Trebiñu barne) 53 udalerrietatik 49tan alkategai gehienak dira gizonak. Salbuespena Kuartangon dago: bost hautagai zerrenda aurkeztu dituzte, eta bost emakume dira zerrenda horien buru; bestalde, alkategai emakumezkoak gehiengoa dira soilik Gasteizen, Lantziegon eta Donemiliagan.

Bistan da desorekatua dagoela gizon-emakume alkategaien kopurua eta, beraz, hautatuak izango diren alkateena, eta berdin gertatzen da foru hauteskundeetako hiru barrutietan –Lurralde jareak, Gasteiz eta Aiaraldea– aurkeztu diren zerrendaburuen artean ere. Lurralde jareetan, bost gizonek okupatzen dituzte EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin-Podemosek osatu dituzten zerrendak. Gasteizen, zortzi alderdien artean, bik bakarrik aurkeztu dituzte emakumeak ahaldun nagusigai izateko, EH Bilduk eta PSE-EEk. Aiaraldean, berriz, bi emakumezko eta bi gizonezko aurkeztu dituzte zerrendaburu bezala.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago