Astelehenean, bi pertsonak Udaltzaingoaren patruila bati dei egin zioten, jakinarazteko bikote bat kalean eztabaidan ari zela eta gizonak emakumeari eraso egin ziola. Inplikatutako aldeekin hitz egin ostean, agenteek ustezko erasotzailea atxilotu zuten, eta egun berean utzi zuten epailearen esku.
Indarkeria matxistarekin lotutako albiste ugari izan dira azken egunetan: besteak beste, astelehenean argitara atera zen saskibaloi entrenatzaile bat ikertzen ari direla adingabe bati ustez egindako sexu erasoa dela eta; bestalde, larunbatean beste gizon bat atxilotu zuten Zaramagan, lagun bati sexu erasoa egiteagatik; eta, horrez gain, 21 urteko gazte bat atxilotu zuten igandean Adurtzan, genero indarkeria delitu bat egotzita.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.