Astelehen honetan zabaldutako komunikatu batean, Arabako Saskibaloi Federazioak jakitera eman du erakundearen parte den entrenatzaile bat ikerketapean dagoela ustezko sexu eraso batengatik.
Salaketaren berri izan ostean, salatutako pertsona kargugabetzea eta "federazio jarduera orotik baztertzea" erabaki du Federazioak, poliziaren eta epaitegien jarduketak ebatzi arte. Horrekin batera, lurraldeko saskibaloi erakundeak "baldintzarik gabeko elkartasuna eta babesa" adierazi dio biktimari, betiere "errugabetasun presuntzioaren eskubidearekiko errespetua" eskatuz.
Federazioak oharrean azpimarratu duenez, "kirol federatuan zein eskola kirolean parte hartzen duten pertsona guztiek saskibaloiaz gozatzeko eskubidea dute, sexu edo genero arrazoiengatik inolako segurtasun faltarik sentitu beharrik izan gabe". Gainera, "onartezin, gaitzesgarri eta salagarritzat" jo du "saskibaloiko edozein parte-hartzaileren duintasuna kaltetzen duen edo haren osotasun morala, sexuala edota generokoa erasotzen duen edozein jarrera, iruzkin, jazarpen, larderia edo eraso".
Oraingoz, Arabako Saskibaloi Federazioak ez du gertakarien inguruko xehetasun gehiagorik eman. Antza denez, gertakariak 2021/2022 denboraldian gertatu ziren CB Toju klubeko junior kategoriako talde batean. Ustezko biktima adingabea zen, baina une hartan salaketarik ez jartzea erabaki zuen arren, azkenean Ertzaintzaren aurrean salatzea erabaki du. Entrenatzaileak 30 urte inguru ditu, eta denboraldi honetan bere lanarekin jarraitu du Baskoniaren beheko kategorietako talde batean, baita epaile lanetan ere.
⚠️COMUNICADO OFICIAL⚠️
— FAB - Basket Araba (@basketaraba) May 8, 2023
Desde Federación Alavesa de Baloncesto @basketaraba rechazamos y lamentamos profundamente cualquier comportamiento que atente contra la integridad personal y libertad de las mujeres. #basketara pic.twitter.com/TpqzORciuI