Gizon bat atxilotu dute Zaramagan, lagun bati sexu erasoa egiteagatik

Erredakzioa 2023ko mai. 8a, 16:00

Zaramaga auzoko etxebizitza batean gertatu zen erasoa. / Argazkia: Zarateman

Udaltzaingoak 44 urteko gizon bat atxilotu du Zaramagako etxebizitza batean lagun bati ustez baimenik gabeko ukituak egiteagatik. Horrez gain, 21 urteko gazte bat atxilotu dute Adurtzan, genero indarkeria delitu bat egotzita.

Joan den larunbatean, maiatzaren 6an, udaltzainek 44 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Gasteizen, Zaramaga auzoko etxebizitza batean gertatutako sexu eraso baten ustezko egilea zelakoan. Biktimak Udaltzaingoari jakinarazi zionez, lagun baten etxean bere baimenik gabe ukituak jasan zituen, eta, gainera, sexu harremanak izateko mehatxuak jasan zituen.

Etxebizitzatik alde egin zuenean, emakumea udaltzainen zain geratu zen atarian. Handik gutxira, bertaratutako agenteek ustezko erasotzailea atxilotu zuten.

Genero indarkeria

Bestalde, igandean, udaltzainek 21 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten Adurtza auzoan, genero indarkeria delitu bat egotzita. Biktimaren arabera, etxebizitza batean piztutako eztabaida baten erdian, bere bikotekideak eraso egin zion, eta, gainera, dirua lapurtu zion.

Ustezko erasotzaileak etxetik alde egin zuen, eta udaltzainek inguruan topatu zuten; ihesari ekin zion arren, patruila batek geldiarazi eta atxilotu egin zuen. Astelehen honetan eraman dute epailearen aurrera.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago