"Espazio publikoa erabiltzeko eskubidea" aldarrikatu du Mugimendu Sozialistak

Erredakzioa 2023ko mai. 8a, 18:00

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak manifestazioa egin zuten larunbatean. / Argazkia: GKS

Udalari Gasteizko jaietan txosna jartzeko irtenbide bat exijitu diote GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak: "Espazio publikoa berdintasunean erabiltzeko eskubidea bermatzeko azken aukera orain daukazue".

Ustez txosna batzordeak, Sortuk eta EH Bilduk ezarritako "beto politikoa" salatu eta Gasteizen txosna jartzeko "irtenbidea" exijitu dute GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak azken asteetan. Apirilaren amaieran egindako agerraldiaren ostean, joan den ostiralean hainbat orduz luzatu zen kanpaldia egin zuten Plaza Berrian, udaletxearen aurrean.

Larunbatean, berriz, ehunka lagun bildu zituen manifestazioa antolatu zuten Mugimendu Sozialistako bi antolakundeek, Gasteizko txosnetan beto politikorik ez! Irtenbidea orain! lelopean. Protesta horren bitartez, Gasteizko Udala interpelatu nahi izan dute, "txosna batzordearen betoa bere egin eta txosna jartzeko alternatibarik ez onartzeagatik".

"Egoerak konponbide erraza dauka: utz diezagutela Gasteizko jaietan txosna jartzen. EH Bilduk eta Sortuk eten dezatela gure kontrako beto politikoa behingoz. Txosna batzordean betoaren alde egin duten eragileak hartutako erabakia zuzentzera deitzen ditugu. Eta Udalari argi esaten diogu: espazio publikoa berdintasunean erabiltzeko eskubidea bermatzeko azken aukera orain daukazue", aldarrikatu zuten manifestazioaren amaieran.

Sortu eta EH Bilduri kritika

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak "egoera hau gehiago ez luzatzeko" borondatea adierazi dute, baita "irtenbide bat" exijitu ere. "Argi esan genuen iaz, eta argi diogu gaurkoan ere: beto politiko hau mantentzean interes handiena duena EH Bildu-Sortu da. Hasieratik izan dira neurri hau bultzatu dutenak. Izan ere, ondotxo dakite zein den txosna jartzearen garrantzia instituzioetatik kanpo jarduten dugun eragileontzat: gure jardun politikoa ekonomikoki sostengatzeko ezinbesteko bitartekoa izateaz gain, eragile politikook jaietan parte hartzeko dugun modu nagusia dira, gure jarduna sozializatzeko aukera eskaintzen baitute".

"Mugimendu Sozialistaren hedapenarekin gazteen artean nagusitasuna galtzen ari direnez, gure jardun politikoa oztopatzeko asmo argia dute. Demokraziaz ahoa betetzen zaie eta, bitartean, ez dute desberdin pentsatzen dugunokin espazio zabalik partekatzeko ezta lekurik uzteko inongo borondaterik", gaineratu dute.

EH Bildu eta Sorturi hori guztia "aurpegia zikindu gabe" egiten saiatzea leporatu diete, ustez, "txosna batzordean daude eragileen artean gehiengoa" baliatuta. Gaur egun txosna batzordea osatzen duten kolektiboak honako hauek dira: Askapena, Errekaleor Bizirik, Gazte Karpa (Ernai), Hala Bedi, Ikasle Abertzaleak, Iraultza 1921, Jardun Koordinadora, Kalera Karpa (presoen eskubideen aldeko mugimendua), Gasteizko Mugimendu Feminista eta Sukalde Gerrilla; hau da, hamar eragiletik soilik bi dira ezker abertzalekoak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago