Txosnetako "beto politikoa" salatu du GKSk

Erredakzioa 2023ko mai. 5a, 10:15

Udaletxe aurrean egin dute kanpaldia. / GKS

Gasteizko Udalari "behingoz" egoera honi irtenbide bat emateko exijitu diote Gazte Koordinadora Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak.

Gasteizko Txosna Batzordeak jarritako "beto politikoa" salatzeko asmoz, kanpaldia hasi dute ostegun arratsaldean Gazte Koordinadora Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak Plaza Berrian, baina, Ertzaintzak plaza hartu ostean, 23:00ak aldera amaitu dute.

Gogoratu dute bi eragileei debekatu egin dietela jaietan gune bat izatea eta txosna bat jartzea, eta Gasteizko Udalak jarrera hori berretsi duela: "Orain dela bi aste salatu genuen Ezker Abertzaleak Txosna Batzordean ezarritako beto politikoa babestu duela Udalak; are gehiago, ez digula Gasteizko jaietan txosna jartzeko beste espaziorik ahalbidetu. Udalak bere erantzukizuna ukatu nahi du, Gasteizen lan egiten dugun eragileoi espazio publikoa ez uztearen erabaki politikoa berea ez balitz bezala".

Egoerak bere horretan jarraitzen duela esan dute, eta, horren aurrean, kalera irten dira. "Irtenbide bat exijitzen dugu. Ezker Abertzaleari txosnetan ezarritako beto politikoa kentzea exijitzen diogu, eta, era berean, udalari, jaietan espazio bat uztea". Dozenaka lagun bildu dira Plaza Berrian kanpaldia egiteko asmoz, baina ezin izan dute egin. Ertzaintzak plaza inguratu eta milaka euroko isunekin mehatxu egin die bildutakoei. 

Mobilizazioekin jarraitzen dute, halere. Larunbaterako manifestazio bat deitu dute Gasteizen, 18:00etan, Andre Mari Zuriaren plazatik, Gasteizko txosnetan beto politikorik ez! Irtenbidea orain! goiburu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago