Apirilaren 17tik 22ra, munduko film labur onenak Gasteizera hurbildu ditu iCOFF Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Sonia Pacios eta Kepa Sojoren zuzendaritzapean. Deialdira aurkeztutako 1.127 film laburren artean, dokumental, animazio eta fikziozko 44 lan eskaini dituzte Vital Fundazioa Kulturunean; horietako 30 sail ofizialean. Larunbatean eman zioten amaiera aurtengo edizioari.
Lehiaketaren protagonista Estibaliz Urresola laudioarraren Cuerdas lana izan da, ICOFF-Gasteiz Sari Nagusia lortu baitu epaimahaiaren eskutik. Diru-laguntza galdu ondoren desagertzear dagoen eta enpresa kutsagarri baten babesa onartuko duen ala ez erabaki behar duen abesbatza bateko emakumeen istorioa da.
Honako hauek izan dira epaimahaiak zein publikoak saritu dituen filmak:
-
ICOFF-Gasteiz Sari Nagusia film labur onenari: Cuerdas, Estibaliz Urresola
-
Fikziozko film labur onena: Las visitantes, Enrique Buleorena
-
Epaimahaiaren aipamen berezia: Mussol, Juanjo Gimenezena
-
Film labur dokumental onena (ex aequo): Why, Natxo Leuza; eta El Kala, Diego Perez
-
Animaziozko film labur onena: Phonorama, Alex Rey
-
Arabako film labur onena: Artesanía, David P. Sañudo
-
Euskal film labur onena: Psicópatas de clase media, Alvaro Herrero eta Hector Amado
-
Euskarazko film labur onena: Muga, Eñaut Castagnet
-
Publikoaren saria film labur onenari: Lentejas, Jose Antonio Campos
Edizio arrakastatsua
ICOFF-Gasteiz jaialdiaren antolatzaileek bigarren edizioaren "arrakasta handia" azpimarratu dute. Izan ere, aretoak beteta egon dira sail ofizialeko proiekzio guztietan. Gainera, ikusle askok emanaldien ondorengo solasaldiez gozatzea erabaki dute, lanen sortzaile eta protagonistekin batera; eta zuzendari guztiak joan dira beren filmak aurkeztera. Halaber, nazioarteko atalak audientziaren interesa piztu du, eta Eusko Araba atalean ere jende asko bildu da.
"Bost egun hauetan, film laburren munduarekin zerikusia duten pertsonen arteko topagunea izan da, eta proiektu berriak sortzeko harremanak ezarri dira haien artean. Halaber, ahalegina egin da Arabako eta Euskal Herriko sortzaileei ahotsa emateko, eta jaialdiaren ezaugarri nagusietako bat euskara izan dadin", aldarrikatu dute. "Era berean, jarduera paraleloek harrera ezin hobea izan dute publiko interesatuaren aldetik, jende gazte eta irakaskuntza ertain zein unibertsitarioetako ikasleen presentzia handiak adierazi duenez".