Etxekoek oraindik ez dute ikusi, apirilaren 21ean izango baita 20.000 especies de abejas filmaren estreinaldia zine aretoetan, baina dagoeneko uzta oparoa jaso du Esti Urresolaren (Laudio, 1984) lanak. Malagako Zinemaldian arrastoa utzi du joan den asteburuan –Urrezko Biznaga pelikula onenari, eta emakumezko aktore onenaren saria irabazi du Patricia Lopez Arnaizek–. Aurretik, baina, pelikulak historia egin du 73. Berlinalean. Euskara lehen aldiz entzun dute jaialdian, eta txalo zaparrada luzea utzi du; Sofia Oterok aktore onenaren Zilarrezko Hartza jaso du, eta Alemaniako zinema aretoen ordezkariek eta Berliner Morgenpost egunkariak ere saritu dute pelikula.
Sarien saskia beteta, zurrunbiloaren erdian, tarterik izan duzu azken asteetan bizitakoaz pentsatzeko?
Zurrunbiloaren erdian gaude, baina pozik eta oso eskertuta gertatzen ari den guztiagatik. Berlinaleko sail ofizialerako hautatuak izatea sari ikaragarri ederra izan zen, eta benetan oso lasai joan nintzen, hogei bat pelikula lehiatzen ziren sail ofizialean, eta ez nuen beste gehiagorik espero. Egindako lana ospatzera joan ginen, bukatu berri genuelako pelikula gainera, eta Berlinera oso nekatuta heldu ginen aurreko egunetan egin genuen lanagatik. Niretzat ospatzeko momentua izan zen, eta ederra izan zen prentsak nola jaso zuen pelikula, eta horren ostean publikoaren harrera, jende pilo bat gerturatu zen pelikula ikustean bizi izandakoa konpartitu nahian.
Pantaila handian lehen aldiz ikusi zenuen han?
Aurretik pare bat emanaldi egin genituen teknikoki ongi zegoela txekeatzeko, baina publiko handi batekin hori izan zen lehenengo aldia, bai. Ikaragarrizko zurrunbiloan sartuta geunden, lehenengo photocall-a, gero prentsaurrekoa, ostean alfonbra gorria, automata baten moduan... Eta besaulkian eseri nintzenean, argiak itzali zirenean, eta Berlinaleko karatula pantaila handian agertu zenean, negarrez hasi nintzen. Hor konturatu nintzen benetan non geunden eta zer suposatzen zuen horrek pelikularentzat. Oso hunkigarria izan zen, eta nerbioek eztanda egin zuten. Hortik aurrera lasaiago disfrutatu nuen pelikula, kar-kar.
Ekai Lersundi gazteak idatzita utzitako gutun bat izan zen pelikula abiatzeko pizgarria, ezta?
Bai, hala da. Momentu hartan nik ez nekien pelikula bat egin behar nuenik gaiaren inguruan, baina egia da gutun horrek asko hunkitu ninduela. Esango nuke esperientzia pertsonal eta kolektiboa ere izan zela, eta Euskal Herri mailan haurtzaro transen inguruko iratzartze momentu bat izan zela. Jakinminak bultzatuta, eta gaian sakontzeko bulkada hartatik, Naizen elkartera abiatu nintzen –Adingabe transexualen familien elkartea– , eta ikaspen prozesu erraldoia abiarazi zen orduan; familiekin solasaldiak izan nituen, euren istorioak entzuten, eta hor sentitu nuen istorio bat kontatu beharra zegoela. Nolabait Ekaik bere gutun horretan proiektatzen zuen etorkizun hori plazaratu nahi nuen pelikula batean; etorkizun bat zeinetan bera bezalako haur eta gazteek aukera bat topatzen duten bizitzan beren lekua izateko; onartuak, errespetatuak eta babestuak izateko.
"Berlinaleko karatula pantaila handian agertu zenean, negarrez hasi nintzen"
Askatasunaren eta aniztasunaren aldarria egiten du pelikulak, zentzu zabalean...
Bai, eta horregatik interesatzen zitzaidan pertsonaia desberdinak elkartzea pelikulan, eta ez zentratzea Cocoren pertsonaian bakarrik, pertsonaia nagusia bada ere; nola berak aktibatzen dituen eta detonatzen dituen jada martxan dauden hainbat familia harreman. Egindako elkarrizketetan oso baliagarria suertatu zitzaidan entzutea familia askok esaten zutela ez zirela euren seme-alabak izan trantsitoa egin zutenak, baizik eta haiek beraiek egin behar izan zutela trantsitoa, euren begirada aldatu behar izan zutelako aurrean zeukaten pertsonarekiko. Ikuspuntu horrek, begiradaren transformazioarenak, pertsonaia desberdinak batzera bultzatu ninduen; hain zuzen ere, emakume desberdinak, belaunaldi desberdinetakoak, euren genero identitatearen bizipenagatik ere mugatuak edo zeharkatuak izan direnak, askotariko emakumeak. Eta aniztasun horren isla ere badira hizkuntzak (euskara, gaztelania eta frantsesa entzuten dira pelikulan), familia honek muga geopolitiko bat zeharkatzen duelako, aldi berean muga sinbolikoa ere badena, eta hizkuntzak dibertsitate horren isla dira.
Transformazio bidaia horretan zer leku dute erleek?
Erleek esanahi asko jorratzeko aukera ematen zidaten. Batetik, naturaren aniztasunaren bermea dira, eta, aniztasunaren aldarri bat izanda pelikula, baneukan helduleku bat. Erlauntzak, beste alde batetik, familia irudikatzeko balio zidan, non erle bakoitzak funtzio bat duen, espezifikoa, beharrezkoa, familian gertatzen den bezala; eta, era berean, erlauntza bera norbanako ezberdinen batuketa baino zerbait gehiago da, hori da niretzat ere familia. Gainera erleek transzendentziarako gonbite bat planteatzen dute, hainbat kulturatako iragaitz-erritualetan oso paper aktiboa jokatu izan dute, pertsona bat jaio edo hiltzen denean... Oso mundu liluragarria iruditzen zait; nola antolatzen diren, nola gai diren elkarrekin komunikatzeko eskapatzen zaizkigun frekuentzia eta kodeetan. Badut erlezaina den lagun bat, baina pelikularen dokumentazio fasera arte ez nuen egin ikerketa sakon bat erleen inguruan, eta ikaragarria da. Misteriotsuak dira, eta identitatearen hausnarketarekin ere lotuko nituzke, zerbait misteriotsua ere badelako... Non dago norberaren autopertzepzioaren jatorria? Zerbait berezkoa, intimoa, pertsonala da? Edo zer punturaino dago familia harreman edo gizarte harreman horien menpe?
Pelikula batean zeri ematen diozu garrantzia? Zerk du lehentasuna?
Saiatzen naiz egiazkotasun bat lortzen, eta horretarako uste dut funtsezkoa dela harremana. Bereziki aktoreekin sortzen den harremanak, baina baita lantaldearekin ere, lehentasuna du niretzat. Cuerdas laburrean, esaterako, aktore ez profesionalekin egin nuen lan, hogei emakumerekin, eta horretan ere ezinbestekoa izan zen gure arteko komunikazioa eta harremana ondo lantzea, paperean zehatz idatzitako gidoia lortu ahal izateko; horretarako, entsegu pilo bat izan ziren, komunikazio ariketa bat diren entseguak, bestearen lekuan jartzeko ariketa bat. Pelikula honetan ere entseguak oso inportanteak eta aberasgarriak izan dira sortu dugun harreman hau lortzeko. Izan ere, zuzentzea komunikatzea baino ez da, islatu nahi dituzun ideia eta emozioak beste norbaiti ahalik eta argien helaraztea, eta besteak bueltatu diezazukeen horri ere arreta jarri eta ekarpena istorioan barneratzea.
Modu desberdinean lan egiten duzu aktore profesionalekin eta ez direnekin?
Aktore profesionalek eskarmentua dute, eta maila teknikoan gauza askorekin aldi berean jolasten dakite, ez bakarrik euren antzezpenarekin, marka teknikoekin eta jarraikortasunari dagozkion kontuekin adibidez... Alde horretatik, erraztasun handia ematen dizute profesionalek, gainera gidoiaren lanketa bat egiten dute, oso ezberdina, eta hori oso aberasgarria da niretzat. Baina, aldi berean, ez profesionalek sekulako benekotasuna ematen dizute, eta ni ere hori sustatzen saiatzen naiz; inprobisaziorik ez, gidoia ondo zehaztuta dagoelako, baina saiatzen naiz gidoiak literalki idatzita ez ematen, elkarrizketak ez ditzaten errepikatu, baizik eta zer esan nahi den ulertu dezaten, eta euren partetik atera behar den naturaltasun hori atera dadin. Horrek oso puntu interesgarrian jartzen ditu aktore profesionalak, haiek ere oso adi egon behar dutelako interakzio horretan, momentu horretan bertan gertatzen denera lotuta, toma bakoitzean pixkat ezberdina izan daitekeelako, eta erreakzionatzen jakin behar dutelako. Ezberdina da, baina esango nuke oso osagarria dela batzuekin eta besteekin lan egitea.
"Non dago norberaren autopertzepzioaren jatorria? Berezkoa, pertsonala da?"
Sofia Oteroren lana nabarmendu dute Berlinen.
Sofia oso neska alaia eta bizia da, eta hasieran ez ginen konturatu bera izan zitekeela protagonista, nik idatzitako pertsonaiak beste berezitasun batzuk zituelako. Denborarekin konturatu ginen ez geniola protagonista izateko proba egin, eta egin genion... Orduan argi ikusi genuen gaitasun handia zuela erregistro askorekin konektatzeko, eta oso unibertso emozional oparo eta anitza zeukala, nahiz eta gero oso pertsona irekia eta pertxenta izan. Askotan esaten dut niri gertatu zitzaidala familiari gertatzen zaion gauza bera; hasieratik paper bat esleitu nion, eta horrek ez ninduen uzten harago zegoen hori ikusten, nolabait ere gero pelikulan gertatzen dena, eta adierazgarria iruditzen zait.
Patricia Lopez Arnaiz eta Ane Gabarainen lana ere aitortu dute.
Patriciaren kasuan, egin zuen proba zoragarria izan zen, oso landuta zekarren gidoia, geruza ezberdinetan asko sakondu zuen, eta pertsonaiari buruz hitz egiten hasi ginenean, segituan nabaritu nuen egindako lana. Berriz ere oso erraza egin zitzaidan berarekin komunikatzea, gure kanala oso gardena sentitu nuen, eta hori da gauzarik inportanteena niretzat. Ane Gabarainek oso pertsonai desberdinak egin izan ditu bere karreran, eta kasu honetan iruditzen zitzaidan emakume indartsu bat egiteko aukera zeukala. Plazer handia izan da haiekin lan egitea, konpromiso izugarria izan dute pelikularekiko eta lan egiteko eskatzen nuen moduarekiko, dena eman dutela nabaritu dut.
Fikzioan eta dokumentalean aritu zara, baina non erosoago?
Dokumental hutsean eta fikzio hutsean aritu izan naiz, baina azkeneko lanetan, Cuerdas zein Abejasen, gehien interesatu zaidana muga horien artekoa izan da. Zehatz idatzitako zerbait izatea, baina era berean pertsonaia ez profesionalekin edo umeekin landuta, beste berezitasun batekin, eta formaren erabilerari dagokionez ere jokatuz, kamararekin, soinuarekin edota musikarekin jokatuz, fikziotik pixkat urrunduz eta dokumentaleruntz hurbilduz. Zurruna ez den muga horrek asko erakartzen nau istorioak kontatzerakoan.
Besteak beste, Patricia Lopez Arnaizek eta Sofia Oterok parte hartu dute filmean. / Gariza Films