Zaramaga auzoa asmo zehatzarekin eraiki zuten, 1960ko hamarkadan. "Ingeniaritza sozialeko proiektua" izan zen, Josu Santamarina Otaola historialariak 2014an egindako ikerlanaren arabera: Hurbilpen material eta espaziala Zaramaga langile-auzoan. Maila sozialaren araberako antolaketa sustatzea bilatu zuen, diktaduraren interesen eta ideologiaren mesedetan. Gaspar Blein arkitektoak diseinatu zuen Zaramagako Plan Partziala, "hirigintza organikoan" oinarrituta. "Langileriarentzako auzune idealak aurreikusten ziren, hauek bizi baldintza egokiak izan zitzaten, baina, betiere, ordenaren, bake sozialaren eta mendekotasunaren truke".
Eraikinak hiru mailatan banatu zituen Blein Planak, 1957an. Klase apalenentzat (peoiak) etxebizitza merkeenak irudikatu zituen. Horiek auzoaren iparraldean eraiki zituzten, hesi moduan, gainontzeko auzoa babesteko ipar haizearen hotz eta hezetasunaz, baita lantegietako kutsaduraz babesteko: Forjas Alavesas enpresako kea, Betoñuko industria… Hegoalderago klase ertain soil (langile espezializatuak) eta ertain aberatsentzat (funtzionario eta lanbide liberala zutenentzat) eraikitako etxebizitzak egongo ziren; garestiagoak ziren, eta, hirigunetik gertuago egoteaz gain, aurreikusitako merkatu, eliza eta aisialdirako espazio handiagoak izango zituen. Aurreko eraikin horien guztien prezioa araututa egongo zen. Azkenik, klase aberatsentzako irudikatutako etxebizitzak hirigunetik gertuago egongo ziren, kalitate handiko eraikinetan, eta merkatu askearen arauen araberako prezioa izango zuten.
1959ko maiatzean hasi ziren auzoa eraikitzen, iparraldetik hasita. "Periferiatik zentrora eraikiz gero, promozio berria aurrekoa baino garestiagoa izatea lortzen zuten". Lehen etxebizitza sustapen horien inaugurazioa 1964ko abuztuko NODOan ikus daiteke. "Esker oneko txalotze artean, Generalisimoak jabetza tituluak ematen ditu usufruktudunei", azaltzen du esatariak, auzo berria "higiene publiko modernoaren" irizpideak jarraituta eraiki dela goraipatzen duen bitartean.
"Klase aberatsenentzako irudikatutako etxebizitzak hirigunetik gertuago egingo ziren, kalitate handiko eraikinetan"
Josu Santamarina Otaolak zenbait ikuspuntutik aztertu zituen Blein Planaren asmoak, eta gaur egungo Zaramagako diseinua. Eraikinen tipologiari dagokionez, sei etxebizitza bloke bereiz daitezkeela ondorioztatu zuen. Etxebizitzen ataria aztertuta aurrez aipatutako bilakaera ikus daitekeela azaldu zuen: klase apalenentzako eraikinetan kalearen eta atariaren artean, Laguardia kalekoak kasu: fatxadaren behealdean dinteldun ate soil bat da. Beste batzuetan kutxa forma dute. Gasteizko Taldearen kaleko eraikin batzuetan, maila altuagoetara zuzendatutako horietan, atariak hesi batekin mugatutako pasabide pribatu batean daude. "Maila sozioekonomiko baxuagokoetan, planifikatzaileentzat, intimitatea ez zen lehentasuna, baina maila altuagokoentzat kontuan hartu beharreko aspektua izan zen".
Auzo barruko mugikortasunari dagokionez, aldea antzeman zuen iparraldeko eta ipar-ekialdeko eraikinen, eta mendebaldeko eta hegoaldekoen artean. Lehen eraikinek "isolamendurako joera espazial handiagoa" dute. Ipar-ekialdeko sektoreko hesi itxurako eraikinetan bi pasabide baino ez daude, etxebizitza blokeen azpitik. "Gamarra-Betoñuko industrialdera igarotzeko, langileak egunero euren etxebizitzen azpian igarotzen ziren, planifikatutako pasabide horietatik, alegia”. Mendebaldeko eta hegoaldeko espazioetan bide ireki, zuzen eta anitzagoak daude: "Espazialki hirigunean integratuago daudela pentsa daiteke, baita dinamika sozialei begira ere, biltzeko aukera egokiagoak eskaintzen direlarik".