Zaramaga auzoa mugarri baten atarian dago. Sentsazio hori bizi dute bizilagun askok, duela zenbait hilabete. Auzoa berroneratzeko plan zabal bat aurkeztu zuen Gasteizko Udalak, iazko urrian. Ordutik hamaika bilera egon dira horren nondik norakoak azaltzeko: hiru Auzogune, jabe komunitateekin bilerak, informazio bulego bat Iparralde gizarte etxean… Planak auzoa "modernizatzea" du helburu: 525 etxebizitza zaharberritzea, energia kontsumo eta irisgarritasun irizpideak aintzat hartuta; kaleak eta parkeak hobetzea; gertuko ekipamenduetan esku hartzea…
"Zaramaga, langile auzo batetik, hiriaren modernizazio ikur bat izatera eraman nahi dugu". Hitz horiekin laburtu du Zaramagako plana Saray Zarate Fernandez de Landak, Gasteizko Udaleko Lurraldearen, Klimaren aldeko Ekintzaren, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Arloko koordinatzaileak. Horretarako, udaleko hainbat sail bateratzen dituen lantalde bat sortu dute: espazio publikoa, hirigintza, herritarren parte hartzea, kultura, enplegua, Ingurugiro Gaietarako Ikastegia… Aldi berean, lantalde hori auzoko eragileekin harremanetan dago, haien lehentasunak jakiteko. "Ekarpenak biltzen ari gara, amestutako Zaramagaren irudia izateko", azaldu du Fernandez de Landak. Hurrengo bilera informatiboa apirilaren 24an izango da, Iparralde gizarte etxean, 19:00etan.
Proiektuaren oinarrian Zaramagaren egungo egoera dago. Azterlan batek auzoaren zati gehiena Eremu Degradatu gisa izendatu zuen. Ondorio horretara heltzeko bi ardatzetan jarri zen arreta: auzoaren egoera fisikoa, espazio publikoen eta eraikinen kalitatea eta egoerari erreparatuz; eta irizpide soziologikoak, batez besteko errenta eta langabezi maila aintzat hartuz. Emaitzak aztertuta, auzoaren zati gehiena eremu degradatua zela ondorioztatu zen. Datuak argigarriak dira. 12.000 bizilagun baino gehiago ditu, eta horien heren batek baino gehiagok 65 urte baino gehiago ditu, asko errenta baxuekin. 2017an 400 etxebizitza hutsik zeuden. Are gehiago, etxebizitza askoren egoera ere ez da onena. 440 etxe daude igogailurik gabe, eta hainbatek ez dute berogailu sistema osoa; hau da, 1960ko hamarkadan eraiki zituzteneko bizi baldintzak mantentzen dituzte.
Bada, Eremu Degradatua izateak ateak ireki dizkio proiektuaren finantzaketari. Eusko Jaurlaritzak halako eremuak zaharberritzeko laguntzak ditu, eta, horietatik, 25,6 milioi euro jasoko ditu Zaramagako proiektuak, 2025era arte. "Epeak estuak dira, eta seguruenik luzatu ahalko da". Gasteizko Udalak ere ekarpen bat egingo du, eta, orotara, 36 milioi euro egongo dira aurreikusitako ardatz guztiak garatzeko. Esku hartzeen nondik norakoak fintzen ari dira; behinik behin finantzaketa badago: 2022ari dagokion laguntza jaso du udalak, zaharberritzeak egiteko konponbide teknikoak aztertzeko lanak ordaintzeko, aurreproiektuak…
"12.000 bizilagun baino gehiago ditu, eta horien heren bat baino gehiago 65 urte baino gehiago ditu"
Celia San Vicentek, Bizigarri auzo elkarteko kideak, begi onez ikusten du plana, eta aukera "polita" dela gaineratu du. Hala ere, gogorarazten du auzoaren egoera ez dela oharkabean heldu; duela zenbait urte, elkarteak auzoaren zahartzeaz eta bizi baldintzen okertzeaz ohartarazi zuela gogorarazi du San Vicentek. Etxebizitza askoren baldintzez gain, auzoko zerbitzuak desagertzen ari direla azaldu du. "Saltoki gehienetako langileak erretiroa hartzen ari dira, eta inork ez du haien lekukoa hartzen; belaunaldien arteko trantsizioa behar du Zaramagak". Adibide gisa, azaldu du auzoan ez dela banku edo kutxarik geratzen. "Kutxabankek eta Laboral Kutxak zituzten bulegoak itxi zituzten, eta kutxazain bakarra geratu da; bulego batera joateko auzoa inguratzen duten kaleetara joan behar dugu".
Bizigarri auzo elkarteak hainbat lehentasun ikusten ditu, plana garatzerako orduan. Auzoko kideentzako zerbitzuen hobekuntzan jarri du arreta. Batetik, nerabe eta adinekoei zuzendutako eskaintza auzoan bertan egon beharko litzatekeela azpimarratu du: zahar etxeak, eguneko zentroak… "Azpiegitura horietako asko auzo berrietan eraiki dituzte, eta egunero hiru ordu laurden ematen dituzte autobusean zentro horietara joateko", kexatu da Celia San Vicente.
Horrez gain, aipatu du auzoko haur asko Zaramagatik kanpora doazela eskolara, Zaramagan Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak dauden arren, Ruiz de Garibai eta Odon de Apraiz kasu. Matrikulazio irizpideek horretan eragiten dutela gaineratu du, eta horrek auzoko bizitzan eragiten duela.
Etxebizitzetan, aurrekariak
Horrez gain, Etxebizitzak hobetzeko beharra nabarmendu du Bizigarri elkarteko kideak, lur arrasera helduko diren igogailuak jarriz, eta eraginkortasun energetikoa hobetuz. Dagoeneko auzoan hainbat etxebizitzatan hobekuntza lanak egin direla gogorarazi du. Horien artean "onena" Biasteri Arabar Errioxako Taldearen kaleko 2, 4 eta 6 atarietan egin zela aipatu du San Vicentek. Eraikin osoa zaharberritu zuten, Gasteizko Udalaren plan berrian aurreikusita dagoen bezala. Bertan igogailua jarri eta eraginkortasun energetikoa hobetu zuten, lan sakon eta luze baten bitartez.
Diana Paniagua da Laguardia kaleko etxebizitza horietako bizilagunetako bat. Goitik beherako zaharberritze bat egin zuten: igogailua lur arrasean jarri zuten, fatxada hobeto isolatu, aireztapen mekanikoko sistema jarri… "Erosotasun aldetik ez du zerikusirik, ez bakarrik igogailuak ematen dizun askatasunagatik, baizik eta etxe barruko tenperaturagatik; merezi du", azaldu du. Aurretik eta ostean hartutako datuen arabera, eraginkortasun energetikoa %76 igo da. 2018ko gasaren prezioak aintzat hartuta, urtean 400 euro aurreztu zituzten. "Aurretik, berogailua itzali eta ordu laurdenean hozten zen etxea, eta orain orduak eta orduak behar ditu, hezetasunekin genituen arazoekin amaitzeaz gain".
Hartutako erabakiaz pozik dago Paniagua, lan handiak izan ziren arren. Diru laguntzak jaso arren, inbertsio bat egin behar izan zuten, eta lanak luzeak izan ziren: 2014ko azaroan hasi zituzten, eta 2015eko urrian amaitu ziren. Zenbait egunez eskailerak ere bota zizkieten, eta, zenbait baldintzarekin bertan egoteko aukera eman zieten arren, gehienak kanpora joan ziren egun horietan. "Egungo zaharberritze proiektuan hori ere hartu dute kontuan, eta aurrekontuan bizilagunentzako behin-behineko egoitza sartu dute, beharko balute".
Zaharberritzea egiteko adostasuna lortzea ez zen erraza izan. Bizilagunen artean hainbat akordio lortu behar izan zituzten. Behealdeetan bizi zirenei ere mesede egiteko erabakiak hartu ziren; besteak beste, ganbarak moldatu zituzten, igogailuak lur arrasean bizi zirenei espaziorik ez kentzeko. Horrez gain, ordaindu beharko zena aurrez jakitea "oso garrantzitsua" izan zen, beharrezko gehiengoa lortzeko.
"Zaharberritzea egiteko adostasuna lortzea ez zen erraza izan"
Zaramaga berroneratzeko planak aintzat hartu du aurreko eskarmentu hori. Diru laguntzen nondik norakoak argitzeko ahalegina egiten ari da, egoiliar bakoitzaren egoera ekonomikoa aztertuta. Are, egoera ekonomikoa txarra duten bizilagunei inbertsioaren ehuneko ehuna emateko aukera ere jaso dute. Erabaki hori txalotu dute Celia San Vicentek eta Diana Paniaguak, bizilagun guztiek aukera izango dutelako bizitza kalitatea hobetzeko. "Pentsio oso baxuak dituzten pertsonak bizi dira Zaramagan", azaldu du Paniaguak. Horren harira, gogora ekarri dute adineko pertsona asko bizi direla igogailurik gabeko etxebizitzetan, eta horrek isolatzera behartzen dituela.
Planaren aurkezpenarekin batera, zaharberritze plana dirua ateratzeko modu bezala ikusten dutenak agertu dira. Etxea laguntzei esker berroneratu, eta ondoren garestiago saltzeko asmoa dutenak gerturatu dira bileretara. Kasu horietan, espekulazioa saihesteko, etxebizitza saltzen dutenek itzuli beharko dute jasotako diru laguntza batzuen ehuneko bat: zenbat eta beranduago saldu, orduan eta ehuneko txikiagoa bueltatu beharko dute.
Zalantzak eta kezkak ulergarriak izan daitezkeela hausnartu du Diana Paniaguak. "Jendeak ez du sinesten, eta nahi ez dutenak gaizki esaka ari dira; jende nagusia ikaratu daiteke, lan handiegia iruditzen zaiolako, eta pentsatzen duelako agian ez duela baliatuko". Edonola ere, merezi duen apustua dela laburbildu du Zaramagako bizilagunak. Halaber, Celia San Vicentek eskatu du zaharberritze lan guztiak zehazteko, auzokideen iritzia aintzat har dezatela, duela zenbait urte egindako eskariak aintzat hartuz, auzoaren etorkizuna bermatzeko. Oraingoz, Saray Zarate Fernandez de Landak nabarmendu du planak ilusio handia piztu duela Gasteizko Udalean, eta hori baliatu nahi dute adreilu gorrien auzoaren etorkizuna hobetzeko.