Asteazken honetan, 19:30ean Andre Maria Zuriaren plazan, elkarretaratzea deitu dute bi udaltzainek jipoitutako adingabearen senide eta lagunek, Justizia nahi dugu. Inpunitaterik ez lelopean. Eta 400 gasteiztar baino gehiago bildu dira, Aimarrentzat "justizia" exijitzeko.
Martxoaren hasieran argitara atera zen bi udaltzain ikerketapean daudela adingabe bati jipoia eman eta sudurra hausteagatik. Ustez, 16 urteko adingabeak, Aimarrek, poliziarengandik ihes egin zuen, patinete elektriko baten gainean oinezkoen pasabide bat zeharkatu ondoren; 4403 eta 4531 zenbakidun udaltzainek atxikitzea lortu zuten, eta sudurra apurtzeraino jipoitu zuten lurrean.
Gertatutakoak polemika handia piztu du Gasteizen. Besteak beste, Zabalgana auzoko hezkuntza komunitateak azalpenak eskatu ditu, eta eztabaida Udaleraino iritsi da. Bestalde, epaitegietan aurrera doa udaltzainen aurkako salaketa, "neurrigabeko polizia indarkeria" eta "erasoa" direla eta. Bitartean, salatutako bi udaltzainek lanean jarraitzen dute, eta, oraingoz, udal gobernuak ez du haien kontrako neurririk hartu.
Familiak azaldu duenez, erasoak "emozionalki lur jota" utzi du Aimar, laguntza psikiatrikoa behar izateraino. Erasoa "ahanzturan gelditu ez dadin" deitu dute mobilizazioa: "Jokabidea neurrigabea eta inkongruentziaz betea iruditzen zaigu, gure semeak egindako arau-haustea gorabehera", gaineratu dute.