4403 eta 4531 zenbakidun udaltzainak ikerketapean daude, astelehenean Zabalgana auzoan jazotako gertakariengatik. Erasotutako gaztearen familiak Facebooken salatu duenez, eta Gasteiz Hoy hedabideak bideo baten bitartez argitara atera duenez, Aimar izeneko 16 urteko adingabeak poliziarengandik ihes egin zuen patinete elektriko baten gainean oinezkoen pasabide bat zeharkatu ondoren.
Ikusi BIDEOA Gasteiz Hoy hedabidean
Biralizatutako bideoan ikus daitekeenez, harrapatu zutenean, motor gainean zihoazen udaltzainak oldartu eta kolpeka hasi zitzaizkion —familiaren arabera, belaunak, ukondoak eta ukabilak erabiliz, baita genitalen kontra ere—, lurrera bota ostean, gaztea dagoeneko geldirik eta eskuak altxaturik zegoen arren. Gainera, adingabea "erori" egin zela adierazi zieten udaltzainek familiari.
Anbulantzia batek artatu zuen gaztea, eta Txagorritxu Arabako Unibertsitate Ospitaleko medikuaren txostenak "sudurreko hezurren haustura" berretsi du. Familiak udaltzainen aurkako salaketa jarri du, "neurrigabeko polizia indarkeria" eta "erasoa" direla eta. Gasteizko Epaitegiak salaketa onartu eta ikerketari ekin dio. Adingabeak, berriz, ausarkeriaz gidatzeagatik salaketa bati aurre egin beharko dio.
Gasteiz Hoy hedabidean egindako adierazpenetan, jipoitutako gaztearen aitak aitortu du bere semeak huts egin zuela patinetearen gainean zebrabide bat gurutzatzeagatik, baita eskatu ziotenean ez gelditzeagatik ere. "Zigor bat merezi zuen, baina ez jipoia", deitoratu du, hala ere, aitak. "Udaltzaingotik botatzeko arrazoi nahikoa da, autoritate gisa lotsagarriak dira. Lotsagabeak dira, eta ez dute merezi daramaten jantzia janztea", kritikatu du gaztearen aitak bere sare sozialetan.
Bere aldetik, Udaltzaingoak uko egin dio oraingoz gertakariari buruzko informazio ofiziala emateari, "adingabe bat tartean" dagoela argudiatuta.