Iragan astelehenean, Zabalgana auzoan, adingabe batek jasotako jipoia salatu dute auzoko ikastetxeetako hainbat eragilek. Kaleratu duten oharrean, familiari elkartasuna adierazi diote, eta udalari exijitu "getatutakoa erabat argitzeko, eta hala badagokio, erantzukizunak bere gain hartzeko".
Zabalgana Institutua, Mendibea guraso elkartea, Aldaialde ikastetxeko irakaslegoa, Aldaiaberri guraso elkartea, Armentia ikastola, Mariturri ikastetxea, Mariturri guraso elkartea eta Zabalgana ikastetxea dira oharra sinatu duten eragileak. Taldeak kezkatuta agertu dira "horren larriak diren ekintzak gure kaleetan gerta daitezkeelako, bizikidetzaren, errespetuaren eta elkartasunaren balioetan hezteko egindako ahalegin guztiei kalte eginez". Hori dela eta Gasteizko Udalari dei egin diote ekintza horiek "errotik moztu ditzan".
Sinatzaileek azaldu dutenez, aurreko astean jakin zuten auzoko institutuko familia batek salaketa jarri zuela udaltzaingoko bi agenteen kontra, bere 16 urteko semea jipoitzeagatik eta sudurra hausteagatik. "Adingabeak egin zezakeen arau haustea alde batera utzita, guztiz neurriz eta lekuz kanpoko jokaera iruditzen zaigu, eta ez dator bat agintaritzatik espero dezakegunarekin", azaldu dute.
Bideoa eta lekukoak
Gaur, 4403 eta 4531 zenbakidun udaltzainak ikerketapean daude, martxoaren 6an Zabalgana auzoan jazotako gertakariengatik. Erasotutako gaztearen familiak Facebooken salatu zuenez, Aimar izeneko 16 urteko adingabeak poliziengandik ihes egin zuen patinete elektriko baten gainean oinezkoen pasabide bat zeharkatu ondoren. Biralizatutako bideoan ikus daitekeenez, harrapatu zutenean, motor gainean zihoazen udaltzainak oldartu eta kolpeka hasi zitzaizkion gazteari –familiaren arabera, belaunak, ukondoak eta ukabilak erabiliz, baita genitalen kontra ere–, lurrera bota ostean, gaztea dagoeneko geldirik eta eskuak altxaturik zegoen arren. Gainera, adingabea "erori" egin zela adierazi zieten udaltzainek familiari.
Anbulantzia batek artatu zuen gaztea, eta Txagorritxu Arabako Unibertsitate Ospitaleko medikuaren txostenak "sudurreko hezurren haustura" berretsi du. Familiak udaltzainen aurkako salaketa jarri du, "neurrigabeko polizia indarkeria" eta "erasoa" direla eta. Gasteizko Epaitegiak salaketa onartu eta ikerketari ekin dio.