Udaltzainen "inpunitatearen" kontra mobilizatzera deitu du Aimarren familiak

Erredakzioa 2023ko mar. 27a, 17:00
Aimarren senide eta lagunek deitutako elkarretaratzearen kartela. / ALEA

Martxoaren 29an, asteazkenean, elkarretaratzea deitu dute bi udaltzainek jipoitutako adingabearen senide eta lagunek, 19:30ean Andre Maria Zuriaren plazan: "Justizia nahi dugu. Inpunitaterik ez".

Martxoaren hasieran argitara atera zen bi udaltzain ikerketapean daudela adingabe bati jipoia eman eta sudurra hausteagatik. Ustez, 16 urteko adingabeak, Aimarrek, poliziarengandik ihes egin zuen, patinete elektriko baten gainean oinezkoen pasabide bat zeharkatu ondoren; 4403 eta 4531 zenbakidun udaltzainek atxikitzea lortu zuten, eta sudurra apurtzeraino jipoitu zuten lurrean.

Gertatutakoak polemika handia piztu du Gasteizen. Besteak beste, Zabalgana auzoko hezkuntza komunitateak azalpenak eskatu ditu, eta eztabaida Udaleraino iritsi da. Bestalde, epaitegietan aurrera doa udaltzainen aurkako salaketa, "neurrigabeko polizia indarkeria" eta "erasoa" direla eta. Bitartean, salatutako bi udaltzainek lanean jarraitzen dute, eta, oraingoz, udal gobernuak ez du haien kontrako neurririk hartu.

Horren aurrean, Aimarren senide eta lagunek elkarretaratze bat deitu dute asteazkenerako, martxoaren 29rako, Justizia nahi dugu. Inpunitaterik ez! lelopean; 19:30ean izango da, Andre Maria Zuriaren plazan. Familiak azaldu duenez, erasoak "emozionalki lur jota" utzi du Aimar, laguntza psikiatrikoa behar izateraino. Erasoa "ahanzturan gelditu ez dadin" deitu dute mobilizazioa: "Jokabidea neurrigabea eta inkongruentziaz betea iruditzen zaigu, gure semeak egindako arau-haustea gorabehera", gaineratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide