Harrera gunea baino lehen, lan handia

Jon Reajdo 2023ko mar. 10a, 06:00

Errefuxiatuentzako zentro handi bat eraiki nahi du Espainiako Gobernuak Arana zentroan. / A. Martinez de Luna

Gasteizko Arana Klinikan iheslarientzako harrera zentro bat zabalduko dutela eta, zentroa egiteko baliabideen aurretik, haien eskubideak bermatuko dituen harrera sistema egokia eta esku hartze komunitarioa egiteko baliabideak eskatu dituzte eragileek.

"Asiloa eskatzea edota egoitza bat izatea baino askoz gehiago da iheslariei harrera egitea, eta hori galdu egiten da politikariek titular handietara jotzen dutenean". Arantza Chacon Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendariaren ustez, halako gaiak "lasaitasunetik" hitz egin behar dira. Arana Klinikan iheslarientzako harrera zentro bat egiteko albistea atera eta hilabete eta erdira, gaia gertutik ezagutzen duten hainbat eragilek hausnartu dute harrera egokia egiteko beharko denari buruz.

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak esperientzia zuzena du iheslariei harrera egiteko zentroekin. Bi harrera gune kudeatzen ditu: Oñatiko zentroa 2018ko azaroan ireki zuten, eta 100 pertsona inguru hartzeko lekua du; Tolosako gunea 2019ko abuztuan zabaldu zuten, 36 pertsonarentzat. Zentro horiek ez daude Espainiako Gobernuak duen azpiegituren barruan, Aranakoa egongo den moduan; horren osagarri bezala sortu zituzten. "Garai batean estatuko harrera sarea osatzeko beharra ikusi genuen, egun gertatzen den bezala; eragile batzuon artean egin genituen zentroak, Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoarekin".

Ordutik pilatutako eskarmentuarekin ondorio batera heldu da Chacon: "Garrantzitsuena da pertsonak pertsona sentitzea; nortasun propioa izan dezatela". Arreta indibidualaren garrantzia nabarmendu du, non mundu guztiak ikus dezakeen bere burua islatuta. "Mundu guztia diogunean babesa eskatu duenaz ari gara, baita auzoko bizilagunaz ere". Iheslariek daramaten "motxilak" pertsona bezala elkar ikustea zailtzen duela gaineratu du, eta ikusezin bihurtzen dituela.

"Asiloa eskatu eta egoitza bat izatea baino askoz gehiago da harrera egitea"

Arantza Chacon, Zehar

Oñatiko zentroan hamabost pertsona daude lanean: integratzaileak, gizarte langileak, zuzendaritza, eta baita zentroa 24 orduz irekita mantentzeko behar diren atezainak ere. Lantalde horrek arreta indibiduala bermatzen duela azaldu du Chaconek. Hala ere, esku hartze komunitarioaren beharra dagoela gaineratu du. Iheslarien artean askotariko errealitateak daudela gaineratu du, oso bortitzak: indarkeria matxista jasandakoak, salerosketaren biktimak… Bada, gai horietan adituak diren elkarteekin elkarlana bilatzen dute. "LGTBIQ kolektiboko pertsona asko heltzen dira, eta badakigu askoz babes handiagoa jasoko dutela gai horretan aditua den elkarteren batekin koordinatzen bagara".

Oñatiko zentroan hamabost lagun daude lanean, gizarte laguntzaile eta integratzaile artean. / Irekia

Herrian txertatuta

Harrera guneetan eskaintzen duten zerbitzuaz gain, herriko beste zerbitzu batzuk baliatzen dituzte: aisialdirako, kirola egiteko, eskola, osasun zentroak… "Hori guztia herrian egiten dute, baina eskatzen diegu aurrez zituzten sareak mantentzeko ahalegina egin dezatela: Bilbora mugitzeko, Gasteizera, Arrasatera… Gure zentroan behin-behinekoak direla badakigu". Horrekin batera, herriaren garrantzia eta herritarrekin aurrez egindako lana goratu du Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendariak. "Herriari azaldu zitzaion zer egingo zen, eta eztabaida oso interesgarria egon zen, zalantzak adierazi eta horien gainean hitz egiteko". Gerora, Oñatira helduko ziren iheslariei babesa emateko plataforma bat sortu zuten herritarrek, Hotz Oñati, harreran laguntzeko.

Arantza Chaconek aipatu du iheslarien eta herriaren artean gertatu den ikaskuntza, bizikidetzaren ondorioz. Harrera zentroetara heldutako pertsonek bertoko hizkuntza ikasi, eta, kultura berrira egokitzeaz gain, herriko zerbitzuek ere pertsona horiengandik ikasi behar dute: eskolatzea nola kudeatu, aisialdia, osasun zentroak… Zeharrek kudeatzen dituen azpiegiturak martxan daudenetik hamaika adibide bizi izan dituztela azaldu du Chaconek, eta guztietan aurrera egin dutela, etengabeko elkarrizketan oinarrituta, eta elkar laguntzeko konplizitateari esker.

Osasun sistemaren adibideak jarri ditu Chaconek. "Medikuek azaldu ziguten erredurak edo gaixotasun batzuk ez direla berdin ikusten azal zurian edo beltzean, edota tinpanoa bera ezberdin ikusten dela; horrek diagnosia zaildu dezake". Horrez gain, oro har, Afrikako herritarrek mina ezberdin kudeatzen dutela azaldu du Zehar-eko zuzendariak. "Eritasun larri baten mina adierazi arte denbora asko eman dezakete, baina, aldi berean, katarro batekin oso txarto pasatzen dute, eta mediku baten iritzia behar dute".

Plan oso baten barruan

Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabak iheslarientzako harrera zentroa plan zabalago baten barruan kokatzeko eskatu du. Nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonak hartzeko plaza gehiago behar direla azaldu du, baina plaza horiek "eredu integral eta duin" baten parte izan behar direla gogorarazi du: bizitzeko leku egokiak, laguntza profesionalarekin, araudi batez babestuta, eta iheslariak zein bizilagunak aintzat hartzen dituen esku hartze komunitario batean.

Harrera eredu integral eta duina bermatzeko, Aranako iheslarientzako harrera zentroa irekitzeko zenbait baldintza eskatu ditu Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabak. Batetik, Aranako zentroa egotea nazioarteko babes eskatzaileen profiletara egokituko diren bizitoki baliabide sare baten barruan. Zentzu horretan, apenas erabiltzen diren eraikin publikoak berrerabiltzeko plan bat egitea, "gizarte premia-larriei" erantzuteko: mendekotasuna duten pertsonei arreta, gazteak, kaleko egoeran dauden pertsonak…

Harrera guneen esperientziak ezagutu dituzte Arana auzoko herritarrekin egindako bileran. / Aranako auzo elkartea.

Bestetik, Arana irekitzean iraupen luzeko plan bat abiarazteko eskatu dute, bertan egongo diren iheslarien beharrei erantzuteko: osasuna, hezkuntza… Halaber, zentroa egongo den auzoan esku hartze komunitarioko programa bat abiarazteko eskatu dute, auzoarekin diseinatuta, alde guztien beharrak aintzat hartuta elkarbizitza bermatzeko. Azkenik, prozesuan parte hartuko duten alde guztien arteko elkarrizketa mahai bat abiarazteko proposatu dute: auzo elkarte, administrazio publiko, ikastetxe, osasun zentro…

"Zentroa auzoaren egituraren parte bat da; elkarrekin kolaboratzen dute" 

Pepe Molina, Palomeras Sureste 

Auzoak duen garrantzia agerian utzi du Pepe Molinak, Vallecaseko (Madril, Espainia) Palomeras Sureste bizilagun elkarteko presidenteak. Auzo horretan Gasteizen jarri nahi dutenaren moduko harrera gunea dago, 1987. urtetik. Bada, Aranako Bizilagun Elkarteak Molina gonbidatu zuen Aranako auzokideei zuzendutako mahai inguru batera, hiru hamarkada baino gehiagoko elkarbizitza laburbiltzeko. "Auzoaren egituraren parte bat da; auzoak zentroarekin kolaboratzen du, eta zentroak auzoarekin”. Esku hartze komunitarioaren baliagarritasuna nabarmendu du, eta elkartasunaren garrantzia jarri du mahaian. "Zentroa dagoen auzoan bazter guztietako pertsonak zeuden, asko frankismoak errepresaliatutakoen seme-alabak".

Zentroen aurretik, sistemako ateak ireki

Harrera zentroei buruzko elkarrizketatik guztiz urrundu gabe, Arantza Chacon Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendariak nazioarteko babesa eskatzeko prozeduran jarri du arreta; izan ere, izapide hori egin behar du harrera gune batera helduko den edozein iheslarik. Chaconek azaldu du hilabeteak pasatzen direla polizia etxean hitzordua lortzeko, eta, hori egin arte, iheslariek ez dutela eskubiderik aitortuta. Hau da, ez dute zentroetara joaterik. "Zertarako horrenbeste baliabide jarri harrera gune batean, ezin badute hasi bertara heltzeko prozedura?", galdetu du Chaconek.

Nazioarteko babesa eskatzean, harrera sisteman sartzeaz gain, oinarrizko beharrak asebetetzeko ezinbestekoak diren ateak zabaltzen zaizkie: erroldatzea, osasun sistema erabiltzeko txartela jasotzea, lan egiteko baimena jaso aurreko sei hilabeteak pasatzen hastea… Chaconek nabarmendu du iheslarien funtsezko tramite hori egiteko baliabide gehiago behar direla. "Ukrainatik ihes egiten duten herritarren behin-behineko babes eskaera 48 orduan tramitatzeko baliabideak jarri zituzten: ordutegi berriak, bulego paraleloak… Bide hori ukrainarrentzat baino ez da, baina erakusten du egin daitekeela, borondate politikoa badago".

Erlazionatuak

Eskuz esku pasatako ondarea

Jon Rejado 2023 mar 10 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago