Eskuz esku pasatako ondarea

Jon Rejado 2023ko mar. 10a, 07:00

1950ean abiatu ziren Arana egoitza eraikitzeko lanak. / PHOTOARABA-AFA

2013an behin betiko itxi zuten eraikina, eta ordutik erabilerarik gabe egon da Arana auzoko egoitza

Arana Klinikaren egoeraren gaineko interesa eta jakin-mina areagotu da, Espainiako Gobernuak bere asmoen berri eman zuenetik. 2013ko abendutik ez du erabilerarik izan, eta hainbat bizilagun elkartek maiz eskatu izan dute berriz zabaltzeko, adindunentzako egoitza bezala. Migrazioen Estatu Idazkaritzaren erabakiak zalantzak utzi ditu agerian. Nor da eraikinaren eta lurren jabea? Ez al zuten eraitsi behar, hormigoiaren egoera dela eta?

Joaquin Collar kaleko 5. zenbakiko eraikinak 66 urte ditu. 1957an zabaldu zuten, eta Arabako lehen osasun egoitza publikoa izan zen. 1965 eta 1968 artean bigarren eraikin bat egin zuten aipatu ospitalearen atzean, ehun ohe gehiago eskaintzeko. 1977ra arte zabalik egon zen; urte horretan Txagorritxuko ospitalea zabaldu zuten, eta Aranako zerbitzu gehienak osasun zentro berrira eraman zituzten. Zenbait urtez, zainketa aringarriak mantendu zituzten bertan.

Eraikinaren eta lurraren jabea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarena izan da. Hala ere, Eusko Jaurlaritzari eman zion eraikinaren erabilera eta mantenurako eskubidea, eta, azken horrek, Arabako Foru Aldundiari. Horri esker adinduen egoitza bezala egon zen irekita, hainbat urtez. 2010ean zenbait arazo antzeman zituzten bigarren eraikinaren bigarren pisuan. Horiek zuzentzeko lanak iraun bitartean, erabiltzaileak beste egoitza batzuetara mugitu zituzten. Azkenean, 2013ko abenduan, behin betiko itxi zuten eraikina, eta ordutik erabilera gabe egon da.

Klinika izan ostean, zenbait urtez adindunentzako egoitza izan zen Arana zentroa. / PHOTOARABA-AFA

Eraikina itxita, ondare hori erabiltzeko eskubidea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrera itzuli zen. Hori dela eta, 2018ko azaroan, Gizarte Segurantzak enkantean atera zuen ondare hori: 7,62 milioi euroan eskaini zituen bi eraikinak eta lurra. Inork ez zuen eskaintzarik egin, eta jabetza bere horretan mantendu zen.

Arana edota Judimendiko bizilagun elkarteek berriz zabaltzeko eskatu dute, zahar etxe bezala. Eusko Legebiltzarrean, Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean eskatu izan dute, eta herri galdeketa ere egin zuten herritarren nahia erakusteko. Dena den, Arabako Foru Aldundiak uko egin izan dio aukera horri, eraikinaren "egoera txarra" zela eta. Bigarren eraikina, 1968an amaitutakoa, aluminosiak jota zegoela argudiatu du hainbatetan, eta, hori dela eta, eraitsi beharko litzatekeela. Espainiako Migrazioen Estatu Idazkaritzak, baina, aluminosirik ez dagoela ondorioztatu du.

2022ko azaroan aurkeztutako txostenetan ez da arazo nabarmenik antzeman lehen eraikinean, zaharrenean. Antzemandako kalteak irazgaiztasun eta mantenu faltagatik gertatu direla azaldu du azterlana egin duen arkitektoak. Bigarren eraikinak kalte larriagoak ditu, baina ez aluminosirik. Forjaketa indartu beharko dute zabaldu aurretik, eta suaz babesteko hainbat lan egitea nahitaezkoa da, ez baitu gaur egungo araudia betetzen. Eraikinei erabilera emateko 14,66 milioi euroko kontratua esleitzear dago Migrazioen Estatu Idazkaritza. Izan ere, hiru enpresa aurkeztu dira lan horiek egiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago