Zaintza iraultzea, dena aldatzeko. Horixe da aurtengo Martxoaren 8ra begira Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxan jarritako kanpaina, zainketen afera eztabaidaren erdigunean jartzeko asmoz. Bi aste baino gutxiago falta dira jada Emakume Langilearen Nazioarteko Egunerako, eta herrialde osoko emakume taldeak martxan daude, baita Gasteizko Judimendi auzoan ere.
Azken asteetan, adin eta jatorri ezberdineko Judimendiko emakume batzuk batu dira, Sareak josten zaintzak erdigunean lelopean Martxoaren 8aren bueltan hainbat ekintza antolatzeko. Beren "aletxoa" jartzeko asmoz, eta Denon bizitzak erdigunean lelopean, zaintzaren inguruko lanen inguruan jarri nahi dute arreta, elkarrekin hausnartzeko, "une atseginak" pasatzeko "auzoko emakumeen arteko ezagutza" bultzatzeko eta, horren bidez, "aliantza sareak ehuntzen" hasteko.
Ekintza guztiak emakume, bollera eta trans pertsonentzako izango dira, eta guztietan egongo da umeentzako zaintza zerbitzua.
Solasaldia
Ostiral honetan, otsailaren 24an, izango da lehen hitzordua, 18:00etan Sumendi Espazioan. Zaintzen inguruko solasaldia egingo dute bertan, hausnartzeko zeintzuk diren emakumeen bizitzetan funtsezkoak diren zainketak. Gaia elkarrekin landu eta, aldi berean, "emakumeen* artean giro atsegin batean" aritzea izango dute helburu.
"Zaintzaren inguruan aldarrikapenak osatu eta aliantzak sortu nahian elkar ezagutzeko aukera izango dugu", azaldu dute. Eta merienda batekin bukaera emango diote lagun arteko jarduera interesgarri honi.
Oihalak elkartzeko tailerra
Martxoaren 8an, 18:00etan Judimendikoak Auzo Elkartean, oihalak elkartzeko tailerra egingo dute. "Azken hilabetean, Judimendiko emakumeen* artean maindireak josi ditugu bakoitzak gehitutako oihal zatiekin. Emakumeen* indarrak elkartuz eta gure arteko sareak indartuz, Martxoaren 8an zati guztiak batuko ditugu", aurreratu dute. "Ez baduzu dinamikan parte hartzeko aukerarik izan, Martxoaren 8an bertan zure oihal zatia maindire kolektiboari gehitzeko aukera izango duzu".
Manifestazioa
Azkenik, dinamika borobiltzeko, martxoaren 8an bertan, elkarrekin joango dira 19:00etan San Anton plazara, Gasteizko Mugimendu Feministak deitutako manifestazio nagusira.
EGITARAUA