Iritzia

Denon bizitzak erdigunean: zaintza iraultzea, dena aldatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Herriko Mugimendu Feminista 2023ko ots. 1a, 12:30

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren agerraldia, Gasteizen. / Argazkia: MF

"Mugimendu feminista berriro aktibatu da. Zaintzak irauli nahi ditugu dena aldatzeko. Egungo zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatzeko asmoz, mobilizazio prozesu bati ekin diogu".

Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitzeko. Ezin dira ikusezin eta merkantilizatzen jarraitu. Pandemiak argitara atera zuen inongo lotsarik gabe adineko pertsonentzako egoitza batzuetako egoera jasangaitza; langile gutxiegi eta lanez gainezka, erabiltzaileek ondorioak pairatuz... baina zaintza krisiak aurpegi ugari ditu.

"Krisiak oraindik ez badu eztanda egin, etxeko langileen esplotazioaren ondorio da"

Krisiak oraindik ez badu eztanda egin, etxeko langileen esplotazioaren ondorio da, erakundeek eta familiek betetzen ez dituzten beharrak asetzen baitituzte. Lan baldintza negargarriekin, sektorea desaraututa eta langile migratu asko Atzerritartasun Legearen ondorioz diskriminazio egoeran daudelako.

Horri guztiari gehitu behar zaizkio lanaren prekarizazioa eta langabezia, pentsio baxuak, etxe bizitzaren, gasolinaren eta oinarrizko beharren (ura, energia, elikagaiak...) garestitzea. Horrek guztiak sakontzen du krisi sozialean.

Etxeetan, lantokietan eta harremanetan langile klaseko emakumeak izaten jarraitzen dugu zaintza sostengatzen dutenak. Denboren eta baliabideen pobrezia pilatzen jarraitzen dugu. Lanaldi bikoitzekin, zerbitzu publiko urri eta prekarioak ordeztuz, denera iritsi ezinik, eta bidean gure bizitzak immolatuz.

"Langile klaseko emakumeak izaten jarraitzen dugu zaintza sostengatzen dutenak"

Horregatik guztiagatik, mugimendu feminista berriro aktibatu da. Zaintzak irauli nahi ditugu dena aldatzeko. Egungo zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatzeko asmoz, mobilizazio prozesu bati ekin diogu.

Krisi hau ez da konpontzen azaleko soluzioekin. Badakigu orain edonork hitz egiten duela zaintzaren garrantziaz. Baina guk ez dugu isilaraziko gaituen promesa faltsurik nahi. Konponbidea ez da digitalizazio handiagoarekin izango, ezta ikuspegi "komunitarioaz" era abstraktuan hitz egitearekin ere, non zaintzen feminizazioa eta familiarizazioa erreproduzitzen duen. Gure diskurtsoaz jabetu dira edukiz husteko, eta guk proposamen eta neurri zehatzez bete nahi dugu.

Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde egiten dugu. Pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak askatasun, duintasun eta konpromiso baldintzetan emateko eta jasotzeko duten eskubidearen alde. Hori mendekotasun egoeretatik baino askoz harago doa. Zenbat, nola eta nor zaindu nahi dugun erabakitzeko gaitasunaz ari gara; era berean, zaintzaren erantzukizunari pribilegiozko egoeretatik ihes ez egitea bermatzeaz ari gara.

"Gure diskurtsoaz jabetu dira edukiz husteko, eta guk proposamen eta neurri zehatzez bete nahi dugu"

Erantzukizun sozial bihur dadin, eta ez negozio. Gizartea eraldatzeko neurriak bultzatu nahi ditugu, zaintzak negozio izateari utz diezaion.

Egungo zaintza sistema eraldatzeko asmoz, borroka dinamika bati ekin diogu. Epe luzerako prozesu bat proiektatu dugu, eta lehen mugarri gisa Martxoaren 8a markatuko dugu. Zaintzaren sektorean lan baldintzak hobetzeko borrokan ari direnekin indarrak batu nahi ditugu, zerbitzu publikoen kalitatea defendatzen duten kolektiboekin. Aliantzak bultzatu nahi ditugu herri mugimenduekin eta dena aldatzeko zaintza sistema irauli nahi duten guztiekin.

Euskal Herriko kide feminista guztiei dei egiten diegu herri eta auzoetan asanblada feministak aktiba ditzaten, antolatu eta prozesu honekin bat egin dezaten. Euskal Herriko txoko guztietara materiala irits dadin, online egongo den material-kutxa bat dago eskuragarri. Herriz herri eta auzoz auzo antolatzen jarraituko dugu, eskualde eta probintzia guztietan koordinatzen, Euskal Herri osoan.

Kaleak hartzera goaz! Gora borroka feminista!

Sinatzailea: Euskal Herriko Mugimendu Feminista

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago