"Ez zaintzea pribilegioa da"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko ots. 13a, 09:00

Gasteizen aurkeztu du EHko Mugimendu Feministak zaintzaren inguruko dinamika berria. / M.F.

'Denon bizitzak erdigunean' lemarekin abiatu du mugimendu feministak hemendik eta Martxoaren 8ra bitartean bultzatuko duen dinamika berria; zaintzaren inguruko lanak azpimarratu nahi dituzte.

Zaintza lanen inguruan dinamika berria abiatuko duela iragarri du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, iragan astean Gasteizen egin duen agerraldi batean. Azken urteetan, gaiaren inguruan egin duten lanketa kalera ateratzeko ordua dela uste dute feministek, eta Martxoaren 8a, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna, mugarri bezala jarri dute, hausnarketa partekatzeko, aliantzak egiteko, eta zaintzaren inguruko aldarrikapenak osatzeko. "Talde feminista ezberdinen indarrak batzea da orain gure helburua, eta Martxoaren 8a inflexio puntu garrantzitsua izango da".

Garazi San Juan mugimendu feministako kideak azaldu duenez, pandemia garaian eta pandemiaren ostean "areagotu" egin da zaintzara jo beharra, eta horrek agerian utzi du sektore horretan dauden hutsuneak. "Mugimendu feminista aspaldi esaten ari zen zaintza lanak ezinbestekoak zirela, eta ez zirela behar bezala kontuan hartzen, ez zitzaiela baliorik ematen. Pandemiak agerian utzi du aldarrikapen horrek zentzu osoa duela, eta lan horiek garrantzi handia dutela bizitzan aurrera egiteko", azaldu du San Juanek. 
Hortaz, ekonomia informala osatzen duten etxeko eta zaintzen lanen izaera iraultzeko beharra azpimarratu du mugimendu feministak: "Gaur egun, zaintza beharra da batzuentzat, eta ez zaintzea gutxi batzuek duten pribilegioa da, eta gizonek pribilegio horrekin jokatzen dute, ez zaintzeko pribilegioa dute bizitza osoan zehar; eta horrekin amaitzea da gure helburuetako bat".

Publikoa eta komunitarioa

Bestalde, zaintza lana eskubidea dela aldarrikatzen du mugimendu feministak, eta ikuspuntu horretatik publikoa eta komunitarioa izan behar dela adierazi du. San Juanek azaldu duenez, "komunitateak babestu egin behar du elkar zaintza; egun, familia tradizionalaren esku uzten da, baina beste eredu batzuk sortu behar dira horri erantzuteko, betiere prekarietatean erori gabe".

Sistema publikoak, berriz, eskubide hori bermatzeko tresnak jarri beharko lituzke, San Juanen esanetan: "Alde batetik, pertsona eta baliabide gehiago jarri behar ditu, eta bestetik lan baldintza prekarioekin amaitu behar du. Gaur egun, zaintza lanak pertsona migratuei eta emakume prekarizatuei egokitzen zaizkie, eta horrekin amaitu behar da". Gainera, zaintzaren sistema publikoaren gaineko ikuskaritza eskatu du San Juanek.

Helburuak lortzeko, aliantzak erdietsi nahi ditu Euskal Herriko Mugimendu Feministak, zaintzarekin lotutako sektore desberdinetan borrokan dauden emakumeen taldeekin. "Hitzarmen kolektiboen alde eta lan baldintzak hobetzeko borrokan emakume asko dago, immigrazio legea hausteko ere, erresidentzietan… Horiekin eta etorriko direnekin aliantzak sortzea ezinbestekoa da, inor kanpoan gera ez dadin".
Denon bizitzak erdigunean da dinamika berria abian jartzeko aukeratu duten leloa. "Zaintza lanak ezin dira ikusezin eta merkantilizatzen jarraitu".

Pribilegioak, zenbakietan

Gizonak ez daude emakumeak bezain presente zainketa lanetan, ez ordainduetan ez ordaindu gabeetan ere. Urtetik urtera etengabe errepikatzen den errealitatea da hori. Eustatek iaz aurkeztu zituen datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, emakumeek seme-alaben zainketan egunean 4,6 ordu ematen dituzte, eta gizonek 3,4. Mendeko pertsonen arretan aldea are handiagoa da: emakumeek 2,3 ordu ematen dituzte, eta gizonek 1,6. Komunitatearen bitartez egindako ordaindu gabeko zainketa lanetan ere emakumezkoak dira nagusi. Hala, emakumezko boluntarioek presentzia handiagoa dute zaintzarekin lotutako erakundeetan, hala nola hezkuntza erakundeetan (%66,8) eta gizarte laguntzan (%59,2). Soldatapeko lanari dagokionez, zaintza sektoreetan (hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak, etxeko langileak) emakumeen enpleguaren garrantzia nabari da (%77). Halere, gehienak lanaldi partzialeko lanpostuak dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago