Gizarte Larrialdietako bulegoetan mobilizatu dira bizilagun bat kalean gera ez dadin

Erredakzioa 2023ko ots. 24a, 13:00
Mobilizazioa San Antonio kaleko udal bulegoetan. / Argazkia: AUZOAN BIZI

Operatu berri, etxebizitzarik gabe eta ebakuntzaren ostean osatu ahal izateko lekurik gabe zegoen bizilagun batentzako astebeteko ostatua lortu du Auzoan Bizik. Baina "ostatua bost astekoa" izan behar duela exijitu dute.

Duela egun batzuk, Gasteizko Alde Zaharreko Auzoan Bizi etxebizitza sareak jakitera eman zuen kale egoeran bizi den bizilagun baten egoera: otsailaren 11ko asteburuan larrialdiko ebakuntza bat egin zioten, eta hilaren 14an alta eman zioten; Udalak ez zion etxebizitza alternatibarik eskaini, "ezta ebakuntza ostean osatu ahal izateko espaziorik ere".

Medikuak sei asteko "erabateko atsedena" agindu zion, baina ospitaleko gizarte zerbitzuek ez zuten bermatu kalean gera ez zedin. Auzoan Bizi bere muturreko egoerari aurre egiteko mobilizatu zen Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuaren egoitzan, medikuaren txostenari esker astebeterako ostatua lortuz.

Astebete igarota, asteazken honetan, otsailaren 22an, San Antonio kaleko udal bulegoetara joan dira berriz ere, sareko kidearentzako ostatua exijitzera: "Astebeteko ostatua lortu dugu, baina ez da nahikoa. Ostatua bost astekoa izan behar du", ohartarazi dute. "Nahiz eta badakigun Gizarte Zerbitzuak inoiz ez direla irtenbide izango, egunerokotasunean horiei presio egitea dagokigu, haien funtzioa bete dezaten".

Martxoaren 2an berriro itzuliko dira udal bulegoetara, luzapena exijitzeko. "Oraingoan mediku txosten berri bat eramatea eskatu diote, nahiz eta lehenak oso argi utzi sei asteko atsedenaldia behar zuela".

Udal baliabideak eta politika instituzionalak

"Beste urte batez, eta negu gorriko tenperaturekin, Gasteizko Udalak neguan Ostatu Emateko Bitartekoa (DAI) martxan jarri gabe jarraitzen du", salatu dute. "Asko dira, DAIa ez zabaltzearen ondorioz garai luze honetan kalean bizitzera behartuak daudenak, besteak beste, Auzoan Biziko hainbat kide". Gainera, Auzoan Bizik salatu du Udalak errolda ukatzen diela kale egoeran bizi direnei, eta, horren ondorioz, "oinarrizko eskubide eta baliabideetatik kanpo" geratzen direla, "guztiz ikusezin bihurtuz".

Horren aurrean, "inor ez dadin kale gorrian bizi, beharrezko baliabideak martxan jartzea eta inongo baldintzarik gabe guztiak erroldatzea" exijitu diote Udalari. "Larria da kale egoera normaltzera bidean administrazioak urte osoan zehar duen jarrera; are larriagoak neguan ahalik eta baliabide gehien murrizten dituzten politikek izan ditzaketen ondorioak. Politika horien ondorio dira kale egoeran dauden pertsonen heriotzak, neguan tragedia gisa aurkezten dizkigutenak, duela gutxi Bilbon gertatu den moduan".

"Sistema kapitalista eta haren funtzioei mesede egiten dieten politika instituzionalak izango dira berriro ere errudun, kale egoeran ez dagoelako bizitzerik. Guztiontzako oinarrizko behar material eta komunitarioak lortzera bidean, antolatu gaitezen herri egituretan eta elkarzaintza sareetan", aldarrikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide