Negu betean, urgentziaz operatu berri eta kale gorrian

Erredakzioa 2023ko ots. 14a, 09:54

Harrera Sozialerako Udal Zentroa (CMAS), Mediterraneoaren Hiribidean. / GOOGLE MAPS

Auzoan Bizi sareak salatu du Udalak "kalean eta inolako etxebizitza alternatibarik gabe" utzi duela urgentziaz operatu berriko bizilagun bat, udal harrera ostatuak itxita dauden bitartean.

Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza sareak azaldu duenez, joan den asteburuan larrialdiko ebakuntza bat egin zioten kale egoeran bizi den gizonari; eta astearte honetan, otsailaren 14an, alta jasoko du. Hala ere, Udalak ez dio etxebizitza alternatibarik eskaini, "ezta ebakuntza ostean osatu ahal izateko espaziorik ere". Gainera, "oinarrizko elikadura zein beharrezko medikamenduak lortzerik ere ez  dauka" Auzoan Biziko kideak.

"Beste urte batez, eta negu gorriko tenperaturekin, Udalak Neguan Ostatu emateko Bitartekoa (DAI) martxan jarri gabe jarraitzen du", ohartarazi dute. "Asko dira DAI-a ez zabaltzearen ondorioz garai luze honetan kalean bizitzera behartuta daudenak; besteak beste, Auzoan Biziko hainbat kide. DAI-a zabaldu beharrean, Udalak modu intermitentean handitzen eta murrizten ditu CMAS eta udal aterpeko plazak. Erabaki hau zinegotzigoaren esku dago, eta ez da plazaratu irekiera zein itxieraren inguruko inolako irizpiderik".

Auzoan Bizik kritikatu du "larria dela kale egoera normaltzera bidean administrazioak urte osoan zehar duen jarrera". Euren ustez, "are larriagoa da neguan ahalik eta baliabide gehien murrizten dituzten politikek izan ditzaketen ondorioak". Zentzu horretan, ohartarazi dute politika horien ondorio direla neguan "tragedia gisa" aurkeztuko diren heriotzak, "duela gutxi Bilbon gertatu den moduan".

"Sistema kapitalistak eta haren funtzioei mesede egiten dieten politika instituzionalak izango dira errudun berriz ere, kale egoeran ez dagoelako bizitzerik. Haien jabetzak ala gure bizitzak, ez dago erdibiderik", adierazi du Auzoan Bizik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide