Duela egun batzuk, Gasteizko Alde Zaharreko Auzoan Bizi etxebizitza sareak jakitera eman zuen kale egoera bizi den bizilagun baten egoera: joan den asteburuan larrialdiko ebakuntza bat egin zioten, eta asteartean alta eman zioten; Udalak ez zion etxebizitza alternatibarik eskaini, "ezta ebakuntza ostean osatu ahal izateko espaziorik ere".
Halaber, Auzoan Bizik azaldu duenez, ospitaleko gizarte zerbitzuek ere ez zioten "inolako baliabiderik bermatu alta jaso osterako, bere kale egoeraz jakitun ziren arren". Medikuak "erabateko atsedena" agindu zion, baina gizonezkoak (Auzoan Biziko kidea) Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuaren egoitzaraino joan behar izan du bere egoerari irtenbide bat bilatzeko.
Izan ere, medikuaren txostenari eta auzokideek martxan jarritako dinamikari esker, astebeteko ostatua bermatzea lortu du gizonak. Nolanahi ere, medikuaren arabera atsedena eta ostatua sei astekoa izan beharko litzateke. Hortaz, otsailaren 23an itzuli beharko da udal bulegoetara; eta berarekin izango dira Auzoan Bizi sareko kideak, "bere ongizatea berma dadin borrokatzeko".
"Gizarte Zerbitzuak inoiz ez dira irtenbide izango"
"Osasun langileek ospitaletik haratago osatzeko baldintzak kontutan hartzearen garrantzia" azpimarratu du Auzoan Bizik, "kale egoeran ez baitago osatzerik". Hala ere, oraingoan neurriak hartu dituzten langileei eskerrak eman dizkiete.
Bestalde, Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuaren eta, orokorrean, Gizarte Zerbitzuen "saturazioa" salatu dute. "Aurrekontuen murrizketek eta oinarrizko zerbitzuen pribatizazioak erantzule politikoak dituzte. Gogora dezagun politika hauen ondorio direla neguan tragedia gisa aurkezten dizkiguten kale egoeran dauden pertsonen heriotzak, duela gutxi Bilbon gertatu den moduan".
"Sistema kapitalista eta haren funtzioei mesede egiten dieten politika instituzionalak izango dira berriz ere errudun, kale egoeran ez dagoelako bizitzerik. Gizarte Zerbitzuak inoiz ez dira irtenbide izango, baina egunerokotasunean horiei presio egitea dagokigu, haien funtzioa bete dezaten", gaineratu du Auzoan Bizik.
Azkenik, "guztiontzako oinarrizko behar material eta komunitarioak lortzera bidean herri egituretan eta elkar zaintza sareetan antolatzera" deitu dute.