Duela egun batzuk, Gasteizko Alde Zaharreko Auzoan Bizi etxebizitza sareak jakitera eman zuen kale egoeran bizi den bizilagun baten egoera: otsailaren 11ko asteburuan larrialdiko ebakuntza bat egin zioten, eta hilaren 14an alta eman zioten; Udalak ez zion etxebizitza alternatibarik eskaini, "ezta ebakuntza ostean osatu ahal izateko espaziorik ere".
Medikuak sei asteko "erabateko atsedena" agindu zion, baina ospitaleko gizarte zerbitzuek ez zuten bermatu kalean gera ez zedin. Auzoan Bizi bere muturreko egoerari aurre egiteko mobilizatu zen Udalaren Gizarte Larrialdietarako Zerbitzuaren egoitzan, medikuaren txostenari esker astebeterako ostatua lortuz.
Astebete igarota, gaur, otsailaren 22an, San Antonio kaleko udal bulegoetara joango dira berriz ere, sareko kidearentzako ostatua exijitzera; 19:30ean deitu dute elkarretaratzea: "Argi utziko dugu ostatua bost astekoa izan behar duela", ohartarazi dute. "Nahiz eta badakigun Gizarte Zerbitzuak inoiz ez direla irtenbide izango, egunerokotasunean horiei presio egitea dagokigu, haien funtzioa bete dezaten".
"Beste urte batez, eta negu gorriko tenperaturekin, Gasteizko Udalak neguan Ostatu Emateko Bitartekoa (DAI) martxan jarri gabe jarraitzen du", salatu dute. "Asko dira, DAIa ez zabaltzearen ondorioz garai luze honetan kalean bizitzera behartuak daudenak, besteak beste, Auzoan Biziko hainbat kide". Gainera, Auzoan Bizik salatu du Udalak errolda ukatzen diela kale egoeran bizi direnei, eta, horren ondorioz, "oinarrizko eskubide eta baliabideetatik kanpo" geratzen direla, "guztiz ikusezin bihurtuz".
Horren aurrean, "inor ez dadin kale gorrian bizi, beharrezko baliabideak martxan jartzea eta inongo baldintzarik gabe guztiak erroldatzea" exijitu diote Udalari. "Larria da kale egoera normaltzera bidean administrazioak urte osoan zehar duen jarrera; are larriagoak neguan ahalik eta baliabide gehien murrizten dituzten politikek izan ditzaketen ondorioak. Politika horien ondorio dira kale egoeran dauden pertsonen heriotzak, neguan tragedia gisa aurkezten dizkigutenak, duela gutxi Bilbon gertatu den moduan".
"Sistema kapitalista eta haren funtzioei mesede egiten dieten politika instituzionalak izango dira berriro ere errudun, kale egoeran ez dagoelako bizitzerik. Guztiontzako oinarrizko behar material eta komunitarioak lortzera bidean, antolatu gaitezen herri egituretan eta elkarzaintza sareetan", aldarrikatu dute.