Ikasle Abertzaleak antolakundeak mobilizazio jendetsua antolatu du gaur Gasteizko campusean, 12:00etan Elurretatik abiatuta, 2022ko martxoaren 24ko ikasle greban atxilotutako 34 ikasleei irekitako espediente akademikoak atzera botatzea exijitzeko eta EHUren "jarrera autoritarioa" salatzeko. Asktasun politikoa defendatu, espedienterik ez! lelopean, ehunka dira mobilizazioarekin bat egin duten gazteak.
Ikasle antolakundeak ohartarazi du 34 gazte horiek unibertsitatetik kanporatuak izateko arriskuan daudela, eta horren aurrean bost eskakizun helarazi dizkio EHUren Gasteizko errektoreordetzari: "Askatasun politikoak bermatzen dituen unibertsitatea. Poliziak sarbiderik ez duen unibertsitatea. Seguratek lekurik ez duten unibertsitatea. Kamera eta kontrol sozialik gabeko unibertsitatea. Eta 34 espedienteak atzera botatzea".
"EHUk ikasle langileok zigortzearen eta erasotzearen adibide argienetako baten aurrean gaude", salatu dute. "Askatasun politikoen urraketa eta ikasleonganako eraso zuzen bat dira aipatutako gertakariok, eta inola ere ez dira gertakari isolatu eta arbitrarioak". Gainera, gaurko mobilizazioaren bueltan "propaganda oro kentzeko agindua, Ertzaintza campusetara sartu izana, dozenaka identifikazio, poliziaren presentzia itogarria, fakultateak itxita aurkitzea, fakultatera sartzeko oztopoak, miaketak eta seguraten partetik jasotako jazarpena" deitoratu du Ikasle Abertzaleak-ek.