2022ko martxoaren 24an, Ikasle Abertzaleak antolakundeak hezkuntza erreformen aurka deitutako ikasle grebak ehunka gazte atera zituen Gasteizko kaleetara, eta protestetan 34 ikasle atxilotu zituen Ertzaintzak, EHUko errektoretzaren baimenarekin.
Orain, ikasle sindikatuak ohartarazi du gazte horiek espediente irekieraren mehatxupean daudela, hau da, unibertsitatetik kanporatuak izateko arriskuan. "Pasa den ikasturtean balizko zigor guztiak bertan behera uztea exijitu bagenuen ere, azken hilabeteotan EHUk espediente akademikoak irekitzeko asmoa duela jakin dute 34 ikasleek gutun bidez", azaldu du IAk.
Horren aurrean, Ikasle Abertzaleak-ek hiru eskakizun plazaratu ditu: "Espedienteak atzera botatzea. Polizia unibertsitatera ez sartzea. Unibertsitateko kontrol sozialarekin amaitzea". Eta horretarako mobilizazio bat deitu dute otsailaren 16rako, 12:00etan Elurretatik abiatuta. "Askatasun politikoen defentsan, ez dugu atzerapausorik onartuko", gaineratu dute.
"Askatasun politikoen urraketa"
"Espedienteen mehatxua askatasun politikoen urraketa garbia da. Unibertsatetik jardun, aldarri zein antolakuntza politiko oro bortxaz ezabatu nahi izatearen seinale", salatu du sindikatuak. "Gogor salatu nahi dugu EHUk hartu duen jarrera autoritarioa, eta ezin dugu inola ere onartu gatazka politikoen irtenbide gisa indar poliziala edota zigor akademikoak erabiltzea elkarrizketaren ordez. Ikasleon antolakuntza independientea kriminalizatzeko aurrekari benetan arriskutsua da espedienteen irekiera".
"Ezinbestekoa zaigu, gertakizun hauek modu isolatu batean ulertzetik urrun, unibertsitateen autoritarismoranzko joeraren barruan kokatzea. Izan ere, unibertsitateak bere burua espazio aske eta anitz moduan saltzen badigu ere, askatasun politikorik gabeko espazioa dela argi ikusten dugu bertako ikasleok egunero. Kameren presentzia itogarria, seguraten jazarpen konstantea, poliziaren mehatxua eta jardun politikoa burutzeagatik unibertsitatetik kanporatuak izateko arriskua ere badaukagu orain", kritikatu dute.