Segurtasun Sailak baieztatu duenez, gutxienez 34 gazte atxilotu dituzte gaur goizean, Ikasle Abertzaleak sindikatuak deitutako grebarekin lotutako protestetan parte hartzeagatik; EHUko Gasteizko campuseko hainbat fakultatetan sortutako desordena publikoen ustezko egile izatea egotzi diete. Halaber, gazte gehiago identifikatu dituzte, eta Ertzaintzak ez du baztertzen atxiloketa gehiago egitea.
Istiluak 9:30ak aldera hasi dira, piketeak hainbat fakultatetan sartu direnean; protestetan, petardoak bota, altzariak hankaz gora jarri eta pintadak egin dituzte, besteak beste. Ertzaintza agertu da, eta hainbat gazte identifikatu ditu, gutxienez horietako zazpi atxilotuz; 14:00ak aldera, Segurtasun Sailak atxiloketa gehiagoren berri eman du, guztira 34 atxilotu zenbatuz.
Deialdia Hego Euskal Herriko ikastetxe eta campusetara zabaldu da, eta, Gasteizen kasuan, 12:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatu da eguneko mobilizazio nagusia, eta ehunka ikasle bildu dira.
Goizeko atxiloketak salatzeko elkarretaratzea deitu dute arratsalderako, 19:30ean Andre Maria Zuriaren plazatik.
Hezkuntza Lege berriaren kontra
Ikasle Abertzaleak-ek deitutako grebaren helburua hezkuntza erreformen aurka protesta egitea da, bereziki egunotan Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den Hezkuntza Lege berrirako akordioaren kontra. Horrekin batera, "hezkuntza sistema sozialista" baten beharra aldarrikatzen ari dira: "Klaserik gabeko gizarte baten eraikuntzan soilik lor dezakegu doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala den hezkuntza eskaintza", azpimarratu du Gasteizko Ikasle Abertzaleak-ek ALEAn argitaratutako gutun batean.
ELA, LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek bertan behera utzi zuten biharko, hilaren 25erako, deitua zuten greba, alderdien arteko akordio zabala ikusita. Euskal Herriko ikasleen antolakunde sozialistak, ordea, gaurko greba deialdia mantentzea erabaki du.
Irudiak
Ikasle Abertzaleak sindikatua, Gedar.eus hedabidea eta HaraBa Gasteizko Campuseko proiektu komunikatiboa greba jardunaldiaren jarraipen berezia egiten ari dira bertatik bertara:
Gasteizko mobilizazioko irudi gehiago pic.twitter.com/Nj8JknPLjb
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) March 24, 2022
Farmazia fakultatean ere sartu dira. pic.twitter.com/bA9jWMuw4a
— HARA BA! (@hara_ba) March 24, 2022
Ikasleek greba eguna dute gaurkoa Hego Euskal Herrian. Piketeak egin dituzte hainbat campusetan eta ikastetxetan, eta 12:00etan izango dira @IAbertzaleak|ek lau hiriburuetan deitutako manifestazioak
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) March 24, 2022
Mobilizazioen jarraipen berezia egingo du GEDAR LANGILE KAZETAk pic.twitter.com/crHLXLzsGn
❗Oraingoz 8 dira atxilotuak.
— Ikasle Abertzaleak (@IAbertzaleak) March 24, 2022
ERREPRESIORIK EZ! pic.twitter.com/qrPws452Tg
Informazioa eguneratzen ari gara.