Galdara osagarri bat instalatu dute Ikasbidea ikastolan

Erredakzioa 2023ko urt. 30a, 18:15
Astelehen honetan, 28 gradutara iritsi dira ikastolako eremu batzuetan. / Argazkia: IKASBIDEA

Ikasbidea ikastolako irakasle, ikasle eta familien protestak behin-behineko irtenbide bat bilatzera bultzatu du Hezkuntza Saila: galdara osagarri bat izango dute, udan galdara berria jarri arte.

Ikasbidea ikastolak berogailurik gabe hasi zuen ikasturtea irailean, edo, behintzat, behar bezala funtzionatu gabe. Azken asteetako hotz-bolada betean arazoa larriagotu egin da: gela batzuetan 13 eta 14 gradu erregistratu dituzte, eskolak emateko gutxienekoak 17 direnean. Horren aurrean, irakasleak eta 400 ikasle baino gehiagoren familiak Hezkuntza Sailari "berehalako" irtenbide bat eskatzeko mobilizatu dira.

Protestak emaitza lortu du, eta Hezkuntza Saileko arduradunekin izandako negoziazio luzeen ondoren, asteburu honetan behin-behineko konponbide bat topatu dute: galdara udan aldatuko duten arren, momentuz galdara osagarri batekin egingo diote aurre neguko hotzaldiari.

Ikastolako zuzendaritzak asteburuan familiei jakinarazi dienez, galdara osagarria bi aste barru izango dute martxan errendimendu betean. Ordutik aurrera, modu paraleloan arituko dira galdara zaharra eta berria, ikastetxeko eremu guztietan "tenperatura egokia bermatzeko". Nolanahi ere, ALEAk jakin duenez, behin-behineko galdara martxan da dagoeneko, eta astelehen honetan 28 gradu erregistratu dira zenbait ikasgelatan. Egunotan, teknikariak lanean arituko dira galdara behar bezala funtzionatzeko.

Erlazionatuak

Etorkizuneko ikastola izan nahi dugu

Erabiltzailearen aurpegia Ikasbidea Ikastolako Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Batzarra 2023 urt 27 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide