Iritzia

Etorkizuneko ikastola izan nahi dugu

Erabiltzailearen aurpegia Ikasbidea Ikastolako Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Batzarra 2023ko urt. 27a, 13:00

Ikasbidea Ikastolako ikasleen protesta. / Argazkia: IKASBIDEA IKASTOLA

"Gaur, hemen, hotzaren aurrean konponbide iraunkor eta duin bat nahi eta merezi dugu; han eta hemen, zerbitzu publiko duinak behar eta merezi ditugun bezala".

Azken egun hauetan jasan dugun muturreko egoera ez da egun batetik bestera sortutakoa. Ikasbidea IPI ikastetxeko galdarak arazoak eman ditu azkenengo urteetan, eta egin diren konponketak ez dira inoiz integralak izan, galdarak berotzen jarrai dezan jarritako txaplatak besterik ez dira.

"Galdarak arazoak eman ditu azkenengo urteetan, eta egin diren konponketak ez dira inoiz integralak izan"

Galdararen egoera zela eta, iaz, zuzendaritzak berau aldatzea edo konpontzea lehentasunezkoa izan behar zuela adierazi zuen, baita ordezkaritzako teknikariek 2022ko urtarrilean idatzitako txostenak ere. Baina Jaurlaritzak ez zuen lehentasunezkotzat hartu.

Horrenbestez, 2023ko udara arte konponduko ez zutela adierazi zuten, konponketa hau egiteko galdara itzalita egon behar omen delako eta hiru aste beharko zituztelako.

Ikasturte hasieratik zekiten negu gorria iristean arazoak izango genituela ikastetxea berotzeko. Ikasturte hasierako egunik hotzenetan nabaritu genuen lehen aldiz tenperatura baxua, baina, zorionez, eguraldiaren hobekuntzak bukaera eman zion muturreko egoerari, eta hotzari aurre egitea lortu genuen.

Hala ere, Gabonetatik itzuli ginen lehen egunetik nabarmen okerrera egin du egoerak. Are gehiago azken egun hauetan, hotza jasanezina izan baita. Eguneroko bihurtu zaigu ikasgela zein korridoreetan ikasle eta irakasleak txano, eskularru, beroki eta mantekin ikustea. Gela batzuetan 13 eta 14 gradu erregistratu ditugu, eskolak emateko gutxienekoak 17 direnean.

"Gela batzuetan 13 eta 14 gradu erregistratu ditugu, eskolak emateko gutxienekoak 17 direnean"

Urtarrilaren 25ean, Hezkuntza Saileko teknikari bat izan zen ikastetxean, eta zenbait erabaki hartu omen zituen. Dena dela, arazoa errotik konpondu beharrean, beste txaplata bat jarri zuten: diru laguntza bat eman, berogailu elektrikoak zein haizea berotzeko makinak erosteko eta matxuratuta dauden erregailuetatik hiru konpontzeko.

Zuzendaritzak egoera bideratzeko egin duen lana azpimarratzekoa da, eta eskolako tenperatura goxatzeko balio dezaketen baliabideak gustura jaso ditugu, nahiz eta arazoa ez konpondu. Hobe hori, ezer ez baino. Hala ere, zalantza handiak ditugu ikastetxeko argindar sareak jasan dezakeen tentsioaren eta ekonomikoki nahiz ingurumenari dagokionez sortuko dituen eragozpenen inguruan.

Aspalditik identifikatuta zegoen arazoari irtenbidea garaiz emanez saihestu zitekeen egoera dela uste dugu, baina hezkuntza prozesuko beste gai askorekin bezala, Hezkuntza Sailetik inprobisazioa izan da nagusi. Hori horrela, azken aldi honetan ez dugu heziketa prozesua modu egokian garatzeko baldintza duinik izan.

"Hezkuntza prozesuko beste gai askorekin bezala, Hezkuntza Sailetik inprobisazioa izan da nagusi"

Zailtasunak zailtasun, gaurko argazki honen atzean, manta, txano eta eskularru hauen azpian, gure ahotsa altxatzeko adina bero bildu dugu honako aldarrikapen xume bezain sakon hau egiteko: gaur, hemen, hotzaren aurrean konponbide iraunkor eta duin bat nahi eta merezi dugula esan nahi dugu; han eta hemen, zerbitzu publiko duinak behar eta merezi ditugun bezala, horien eraikuntzan parte hartzeko aukera izatea ere aldarrikatzen dugu.

Etorkizuneko ikastola izan nahi dugu.

Azkenik, gure babes osoa adierazi nahi diegu gaur Lakuan egoera hau salatzeko batuko diren ikasle nahiz irakasleei eta ikas-komunitateko kideei bertaratzeko deia egiten diegu.

Sinatzailea: Ikasbidea Ikastolako Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Batzarra

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago