Siberiatik iritsitako azken hotz-boladak buruhauste handiak eragin ditu azken egunetan Araban. Berogailua izanda ere, asko dira 15 graduak gainditzeko ezinean dabiltzan lantokiak. Eta egoera are okerragoa da Ikasbidea Ikastolan, 400 ikasle baino gehiago berogailurik gabe baitaude egunotan; hobe esanda, berogailurik gabe daramate ikasturte hasieratik, edo, behintzat, behar bezala funtzionatu gabe.
Horren aurrean, ikastetxeko familiek "tenperatura egokia bermatzeko" berehalako konponbide bat exijitu diote Hezkuntza Sailari, eta gaur bertan bildu dira behin-behineko irtenbide bat bilatzeko. Izan ere, azken egunetan, ikasleek berokiak, eskularruak eta txanoak jantzita eraman behar izan dituzte ikasgeletan, baita mantak ere. Guraso elkarteak Arabako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan kexa formalak aurkeztera animatu ditu familiak.
Bitartean, Hezkuntza Sailak ziurtatu du berogailu-sistema martxan dagoela, baina arazo teknikoak dituela aitortu du ere; hortaz, lortutako tenperatura ez da egokia. Gainera, galdara aldatzea aurreikusi dute, baina horretarako uda arte itxaron beharko du ikastetxeak. Obra esleituta dago jada, baina atzeratzea erabaki zuten, ur-zirkuitu osoa gelditu eta hustu behar dutelako, eta horretarako gutxienez hiru aste behar direlako.