"Euskaraz forma hartu duen proiektu bat da; euskaldunentzako zerbitzu bat"
Urteak pentsatzen eta azken hilabeteetan prestatzen ibilitako Lokarri Kirola proiektua aurkeztu berri du Asier Muelas Garaizabalek (Gasteiz, 1998). Une egokia topatuta eta urratsa emanda, bere helburu nagusia kirola, gorputza eta osasunaren inguruko aholkularitza eskaintzea da, modu profesionalean, euskaraz eta "ustezko jakintza batzuk" zalantzan jarriz. Sare sozialetan ere gomendioak eta bitxikeriak zabaltzeari ekin dio.
Zer eskainiko du Lokarri Kirolak?
Baliabideak, jendeak kirolarekiko eta bere osasunarekiko erronka berriak ezarri eta lortu ahal izateko. Gainera, euskaraz forma hartu duen proiektu bat da, eta, beraz, euskaldunentzako zerbitzu bat izango da. Euskaraz ez dakiten bezeroak ere hurbildu daitezke, jakina, eta zerbitzua gaztelaniaz eskainiko dut ere; baina aukera dagoenean beti euskara lehenetsiko dut, bai zerbitzuan, bai sare sozialetan.
Nola iritsi zara honaino?
Txikitatik harreman estua izan dut kirolarekin. Urte luzez jokatu dut Gaztedi errugbi taldean. Boxeoan ere aritua naiz, eta duela urtebete Askatu Boxeo Kluba sortzen parte hartu nuen, boxeo eskola ere badena. Bestalde, bere garaian kirol ikasketak egin nituen, eta, horrez gain, hainbat gimnasiotan lan egiteko aukera izan dut azken urteetan. Zoritxarrez eta zorionez, gimnasio eredu oso ezberdinak ezagutu ditut aldi horretan.
"Askotan kirola egin izan dugu ez hainbeste osasunari begira, baizik eta estetikari begira"
Zer ondoriora eraman zaitu horrek?
Eredu masifikatua oso hedatua dago. Gainera, gizarteak kirolaren eta osasunaren gainean duen irudia orokorrean oso lotuta dago estetikarekin eta komatxo arteko fitness eredu jakin batekin: neskak oso argalak, mutilak oso indartsuak eta gantz oso gutxirekin... Argi izan behar dugu hori guztia ez dela entrenamendu osasuntsu baten ondorio, genetikak ere eragin handia duela, eta estetika ezin dela obsesio bilakatu. Kate handiak kirolaren eta osasun mentalaren arteko harremana guztiz apurtzen ari dira. Horren aurrean, ikuspegi propio eta berritzaile bat mahaigaineratzeko jaio da proiektu hau. Gakoa da birpentsatzea nola ulertzen ditugun fitnessa eta kirola bera, zer helbururekin goazen gimnasiora, zer irudirekin bonbardatzen gaituzten...
Pandemiak zer nolako eragina izan du kirola egiteko moduan?
Konfinamendu garaian oso modan jarri zen kirola etxean egitea. Pandemiaren ostean, ikus dezakegu modan jarraitzen duela eta, are gehiago, kirolaren inguruko tribu urbano bat badagoela, kuadrilletan, lagun artean, familian edo interneten, kar kar. Alde batetik, uste dut ohitura aldaketa hori oso lotuta egon dela kirolak osasun mentalean duen eragin positiboarekin. Baina, zoritxarrez, alde txarrak ere izan ditu: askotan kirola egin izan dugu ez hainbeste osasunari begira, baizik eta estetikari begira.
"Pertsonak alde batera utzita, kirolean ez goaz inora; ezin da neurri bakarreko zerbitzua eman"
Internetek mesede ala kalte egin du?
Eredu txarrak izanik, onura gutxi atera daitezke kiroletik. Adibidez, Instagramen ikusi daiteke zenbait entrenatzaile pertsonalek jokatzen duten papera, edo low cost gimnasioen gorakada. Nire ustez, harrerarik gabeko zerbitzuak dira, oso despertsonalizatuak. Eta pertsonak alde batera utzita, kirolean ez goaz inora; ezin da neurri bakarreko zerbitzua eman.
Beraz, kirolean ez dago errezeta unibertsalik?
Beti izango da hobea kirola egitea kirolik ez egitea baino, baina pertsona bakoitzaren arabera egokitutako programa batekin produktiboagoa eta onuragarriagoa izango da; are gehiago jarraipena egiteko pertsona bat alboan baldin baduzu. Era berean, garrantzitsua da jakitea zeren bila gauden.
Zerk ezberdinduko du zure proiektua?
Nire entrenamenduen oinarria pertsonaren jarraipena da, hau da, programa bat izatea. Ez dut bilatzen entrenamendu soil bat, baizik eta pertsona bakoitzaren helburuetara egokitutako programazio bat, progresioa neurtzen joan ahal izateko eta, horren arabera, entrenamenduak eraldatzen joateko. Batez ere osasunera bideratutako proposamena da nirea. Zentzu horretan, jendearen ikusmoldean eragin nahiko nuke, eta badakit horretarako kirolaren inguruko ustezko jakintza batzuekin eta aurreiritzi askorekin apurtu beharko dudala.
"Jendearen ikusmoldean eragin nahiko nuke, eta badakit horretarako aurreiritzi askorekin apurtu beharko dudala"
Nori zuzenduta dago zure zerbitzua?
Kirolarekiko erronkaren bat duen pertsona orori. Garrantzitsuena helburua da, eta pertsona bakoitzaren kasuan ezberdina izango da: indarra lantzeko entrenamenduak bilatzen dituen jendeari, beste kiroletan aritu eta bere markak gainditu nahi dituenari, gimnasioan edo etxean bere entrenamenduak hobetu nahi dituzten pertsonei, kontaktu-kiroletan dabiltzanei... Baita orain arte kirolik egin ez duten pertsonei ere, adina edozein izanda ere. Pentsa, besteak beste, nire ama entrenatzen nabilela orain! Nire ardura progresioa hobetzen laguntzea da.
Nola egiten duzu hori?
Momentuz ditudan bezeroekin egiten dudana da entrenamendu taulak diseinatzea, helburuen eta baliabideen arabera; eta taula horiek astero berritzen ditugu. Programazioaz gain, aurrez aurreko entrenamenduak eskaintzen ditut ere. Bezero batzuek ohiko gimnasioetan entrenatzen dute, beste batzuek lagunen artean lokal bat eta material propioa dute, eta etxean bertan entrenatzen dutenak ere badaude.
Eta aurrera begira?
Epe luzera begira, proiektuarentzako lokal bat lortu nahiko nuke, baina momentuz... pausoz pauso, pixkanaka, eta letra onez. Edozein proposamenerako zabalik nago, eta ez naiz soilik Gasteizera mugatuko; Araba zein Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu daiteke zerbitzua, baita online ere. Nirekin harremanetan jarri nahi duen orok eskura ditu lokarrikirola@gmail.com helbide elektronikoa eta @Lokarri.Kirola Instagram kontua.