Konfinamenduko egun ilunak probestu eta osasunaren zainketa ardatz duten bi proiektu garatu zituzten etxean egondako hilabeteetan zehar. Estereotipoz jositako gimnasioen mundua alde batera utzi, eta kirol eskaintza berritzaile eta pertsonalizatuen alternatiba eskaintzen dute hasiberriak diren ekintzaile hauek.
Aspalditik garatu nahi zituzten bi proiektu berri dira Iraun eta Bikain, eta Covid-19aren ondoriozko pandemiari esker errealitate bilakatu dira. Gure gizartean gero eta ohikoagoak diren antsietate, gizentasun eta depresio hitzen aurrean, kirola eta elikaduraren zainketa kontziente bat proposatzen digute. Asier Duranak, Eneritz de Lejarzak, Maria Sanzek eta Asier Sanchezek norbanako bakoitzarentzat egokitutako entrenamendu mota ezberdinak lantzen dituzte, helburu estetikoak alde batera utziz eta bizi osasungarriago bat bilatuz.
"Jende guztiak estimulu berdina lortzea da gure xedea, bakoitzak bere mailan"
Asier Sanchez (Crossfit Bikain)
Hasierako ibilbidea antzekoa izan da bi kasuetan. Konfinamendu garaian proiektua diseinatzen hasi eta gero, kalera ateratzen hasi bezain pronto lokalaren bilaketa prozesua hasi zuten. Iraun Gasteizko Duranak eta De Lejarzak Oreitiasolo industrialdean aurkitu zuten haien proiektua garatzeko toki aproposa; aldiz, Sanz eta Sanchez Jundizko industrialdeko pabiloi argitsu batean kokatu ziren.
Behin tokia finkatuta, egokitzapena egitea zegokien. Aurrekontua mugatua izanda, erreformaren eskulana beraiek egin zuten. Bien kasuan egokitze prozesuak esperotakoa baino luzeago jo zuen; hori dela eta, 2020ko abenduan ireki zuten Iraun Gasteizkoek, eta 2021eko otsailean Crossfit Bikainekoek.
Azken hauek konfinamendua amaitu eta lokala eta material hornitzaileak bilatzen hasi ziren. Momentu zaila zen horretarako, pandemia garaian jende asko kirolerako materiala erosten hasi zelako, eta dena agortuta zegoelako.
"Topatu genuen gustatu zitzaigun enpresa bat, eta prezioa gure aurrekontura egokitzen zen. Lokala guztiz ezberdina da gimnasio konbentzionalekin, argitsua eta zuria da bere osotasunean", azaldu dute. "Beirateak maitemindu gintuen, eta bertatik sartzen den argi naturalari esker, egunak eta entrenamenduak eramangarriagoak egiten zaizkigu, kalean egongo bagina bezala entrenatzen dugu".
Estetikatik haratago
Ekintzaile hasiberri hauentzako kirola ez da helburu estetikoak bakarrik lortzeko baliabide bat, hortik haratago doan bizi tresna bezala irudikatzen dute. Hori dela eta, edozein pertsona mota joan daiteke haien entrenamenduetara, eta ez du zertan kirolaria izan. Duranak beti lehenetsi du osasuna, eta estetika ondorio aberasgarri bat besterik ez dela dio: "Kirola egiten duzunean, zure gorputza entrenatzen duzu eta zure burua erlaxatu egiten da. Ondorioz, elikadura osasungarriagoa izateko gogoa sartzen zaizu, eta ziklo osasungarriagoa eramateko ohitura hartzen joaten zara. Kirola egiten duzunean, eta aldaketaren bat edo hobekuntzaren bat nabaritzen duzunean, orduan zuk ere zaintza hori esparru ezberdinetara zabaltzen duzu".
"Gorputza mugitzea oso garrantzitsua eta oinarrizkoa da gure bizitzan"
Eneritz de Lejarza (Iraun Gasteiz)
Izan ere, Irauneko proiektuak nutrizio aholkularitza ere eskaintzen du, eta horren arduradun da Eneritz de Lejarza. Haren esanetan, osasuna hiru hankaz osatutako aulki bat da: lehenengo hanka elikadura izango litzake; bigarrena, kirola edo entrenamendua; eta, azkena, atsedena. Bere ustez, "kiribil negatibo batean sartzen bazara dena gaizki doa; horren ondorioz, antsietate arazoak sortu, gaizki elikatu eta ganora gabe entrenatzen duzu".
"Hori dela eta, behea jo eta goranzko errebotea lortzen duzu, edo egoerari aurre egiten diozu", azaldu du De Lejarzak. "Aurre egiteko prozesu horretan, motibatzen zaituen eta jarraikortasun batekin mantendu ahalko duzun ekintza bat bilatzea da irtenbideetako bat. Behin zure behar eta nahietara egokitzen den entrenamendua aurkituta, onurak lortzen joango zara eta zure egunerokotasunean aldaketa txikiak txertatuko dituzu, hala nola, elikaduraren zainketa, atsedena...".
Entrenamendu mota ugari
Norberaren hobekuntza bilatzeko prozesu horretarako, bi entrenamendu mota ezberdin proposatzen dizkigute Crossfit Bikain eta Iraun Gasteizkoek. Lehenengoen kasuan –haien izenak adierazten duen moduan–, AEBetan arrakasta handia izan duen crossfit izeneko entrenamendua eskaintzen dute. Ariketa horretan hiru mugimendu daude oinarrian: alde batetik, mugimendu monoestrukturala, zeinetan sokasaltoa, arrauna, bizikleta... lantzen diren; beste alde batetik, mugimendu gimnastikoa izango genuke, buruz behera jartzean, burdinetan abdominalak egitean, salto egitean... oinarritzen dena; azkenik, kanpo indarrarekin egindako mugimenduak egongo lirateke, hala nola, halterekin egindako ariketak, pisuak mugitzekoak eta abar.
Aipaturiko hiru mugimendu horien konbinaketan oinarritzen da crossfit entrenamendua. Elementu horiek modu ezberdinetan konbinatuz osatzen dituzte klaseak, eta inoiz ez da entrenamendu berdina errepikatzen. Norbanako bakoitzak bere lan pertsonala egiten du, hau da, bakoitzak bere entrenamendua egiten du, baina taldean entrenatzen da.
"Animal Flow mugimendu kate bisual bat da; mugikortasuna eta indarra lantzeko"
Asier Durana (Iraun Gasteiz)
Iraun Gasteizkoek, aldiz, bi entrenamendu mota proposatzen dituzte: alde batetik, Animal Flow delakoa, eta, bestetik, Iraun metodoa. Lehenengoa kapoeira eta street dance modalitateen arteko nahasketan oinarritzen den mugikortasun entrenamendu bezala definitu daiteke; mugimendu kate bat izango balitz bezala ere azaldu ohi da. Bigarrena, berriz, indarra lantzen duen entrenamendu mota bat da. De Lejarza eta Duranaren arabera, "mugikortasuna lantzea ezinbestekoa da gure bizitzan, eta ondo eta kontzienteki mugitzen bazara askoz hobeto".
Ohiturak aldatzeko garaia
Hasierako hilabeteetako urduritasuna alde batera utzita, egindako lanaren eta emaitzen lehenengo balorazio orokor batean, biek bete dituzte hasierako itxaropenak, baita gainditu ere. Ekintzaile izatea ez da erronka makala, are gehiago pandemia garaian. Sanz eta Sanchezek onartu dute momenturen batean gainezka egin ziela lan kargak, baina hasieratik Crossfit Bikainen alde egin zuen jendeari esker egin dutela aurrera. Izan ere, bai Crossfit Bikainek, bai Iraun Gasteizek bazkide sortzaile figura baliatu zuten proiektua hasterako orduan. Ireki zuten lehenengo hilabetean, haien alde egin zuen jendeari esker, beren lana garatu, hobetu eta hedatu ahal izan dute. Haien alde apustu egindako jende guzti horri eskerrak emateko modua entrenamendu tarifa berezi bat eskaintzea izan da. Lehenengo bazkide horiei eskaintza berezia egin zieten, eta betirako izango duten tarifa murritzagoa da haien eskertzeko era.
Etorkizuna ilun ikusten zen momentuan, lau gazte ekintzaile hauek betidanik amestu zuten proiektua gauzatzeko aukera ikusi zuten, eta, asko eta ondo pentsatu ondoren, ametsa egi bihurtzea lortu dute. Iraunkortasuna eta jarraikortasuna behar duten zainketa prozesu osasungarrien proposamen ezberdin honetako sortzaileek argi dute, "ondo sentiarazteko ohiturak aldatu eta lantzeko garaia da".